Emakumearen Nazioarteko Eguna

Herria moreztatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 3a, 12:54
Ikastetxeetako ordezkari eta ikasleak, udal ordezkariak, Berritzegunekoa eta Sare Feministakoak, martxoaren 8ko egitarauaren aurkezpena eta gero.

Emakumearen Naziorteko Egunari lotuta, udalak eta herriko hainbat eragilek askotariko ekitaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako. Besteak beste, martxoaren 8an bertan giza katea egingo dute eta hilaren 11ean, berriz, emakume etxea irudikatu.

"Otsailaren 9az geroztik, Madrileko Puerta de Solen, Ve-la-luz elkarteko emakume batzuk gose greban daude. Bortizkeria Estatu auzi bihurtzeko eskatzeko. Eta esan dute, harik eta lortu arte, ez dutela alde egingo. Bestalde, 30 herrialde baino gehiagoko ehunka eta ehunka taldek emakumeen nazioarteko grebarako deia egin dute hilaren 8rako", jakinarazi du Gloria Vazquez Parekidetasuneko zinegotziak. "Egia esan, ez zaigu horretarako". Hain zuzen, Espainian 19 emakume hil dituzte urtea hasi zenetik. Zarautzen ez dago halako kasurik, baina bortizkeria matxistaren biktimak 36 izan dira. Kasu horiei diskriminazio egoera txiki eta ez horren txikiak gehitu behar zaizkiela ohartarazi du Vazquezek.

"Oraindik lan handia dago egiteko maila guztietan. Erakundeok ardura oso handia daukagu gai honetan". Zentzu horretan, udalak biktimei laguntzeko Gizarte Zerbitzuetan eta Berdintasuneko sailean hainbat lan egiten dituela gogoratu du, baina horrez gain, Berdintasun Ordenantza bat ere ari direla lantzen. "Gure ardura eta betebeharra da, ahal dugun neurrian behintzat, gizartean aldaketa bat bultzatzea, eta hortxe sartzen da baita ere gizartea sentsibilizatzea".

Sentsibilizatu, konturatzeko zeintzuk diren emakumeek egunero-egunero pairatzen dituzten diskriminazio egoerak, horiekin bukatu ahal izateko. "Nabarienekin eta mikromatxismoekin ere bai. Agerian jarri behar ditugu. Geure eguneroko bizitzan baztertu eta ezetz esan behar dugu". Horretarako, berrikuntza gisa, Parekidetasun sailaren blogean atal bat zabalduko dute, herritarrek egunerokoan pairatzen dituzten mikromatxismo horiek salatzeko.

Giza katea

Horrekin batera, martxoaren 8ari, Emakumeen Nazioarteko Egunari begira egitarau betea antolatu dute udalak, Sare Feministak eta Kultura sailak elkarlanean. Emakumeek egunerokoan pairatzen duten indarkeria zein diskriminazioa azaleratu eta herria morez janzteko.

Horien artean bi ekitaldi dira nabarmenenak. Batetik, egunean bertan egingo duten giza katea. Jose Luis Alberdi Berritzeguneko ordezkariak azaldu du ekitaldia, Hezkidetza Foroaren eta herriko ikastetxe guztien izenean. Haren arabera, egungo Hezkuntza Politikan hezkidetza eta emakumeen kontrako indarkeria dira ildo nagusiak, eta hori lantzeko ikastetxeek urteak daramatzate Berritzegunearekin elkarlanean. "Ikastetxe hezkidetzaileak izan nahi dugu, baztertuak izan eta aintzakotzat hainbatetan hartu ez diren emakumeen lanak barnerau nahi dugu eta ikastetxeetako neska-mutil guztiei aukera berdinak eskaini nahi ditugu", adierazi du. Urtarrilean hasi zuten ibilbidea Zarauzko eta Zumaiako udalek zein ikastetxe guztiek, eta bereziki hiru datetan zentratu duten euren lana: bata azaroaren 25a, bestea martxoaren 8a eta azkena maiatzaren 17a.

Oraingo honetarako, lan komun bat egingo dute eta manifestu bat prestatu dute, martxoaren 8an irakurtzeko ikastetxe guztien artean. "Hori adierazi nahi dugu: bat gatozela eta herriarekin bat eginda gaudela gai honetan". Hala erakutsiko dute 11 urtetik gorako ikasleek aurrez egingo duten giza katean. Alde Zaharrean izango da, 11:30etik aurrera.

Era berean, gaztetxoak karteltxoak ere ari dira egiten, bakoitzak bi, bat etxean jartzeko eta bestea ikastetxean bertan, dendetan edota bestelako establezimenduetan. Halaber, kartel handiagoak ere prestatu dituzte hainbat lelorekin, "martxoaren 8rako, herriaren paisaia morea izan dadin".

Emakumeen babesgunea

Bestetik, martxoaren 11ean Emakume Etxea irudikatuko dute Lege Zaharren enparantzan, goizean zehar. "Finean, errealitate ezberdinak pairatzen dituztenak emakume ezberdinak elkartu nahi ditugu eta babesgune eta gune anitz bat sortu, zapalkuntza egoera honi aurre egiteko", azaldu du Kristina Rueda Sare Feministako kideak. 11:00etan zabalduko dute gunea autodefentsa nahiz sabel dantza tailerrekin. Ondoren, batukadarekin kalejira izango da Alde Zaharrean zehar eta 13:30 inguruan inauguratuko dute Emakume Etxea. 

Ruedak aurreratu duenez, karpen bidez, etorkizuneko Emakume Etxeak izan beharko lituzken guneak irudikatuko dituzte: liburutegia, aholkularitza bulegoa, tailerretarako gunea... "Beste herrietatik hartutako irudiekin, islatuko dugu guk geuk zer nolakoa nahiko genuken izatea Emakume Etxea"

Aurrez, martxoaren 8an ekimen hori zabaldu eta Emakume Etxearen beharra herritarrei azaltzeko Lege Zaharren enparantzan bilduko dira, 19:00etan.