Kiroldegiko langileen auzia

6 eguneko greba egingo dute kiroldegiko langileek datorren astean

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 10a, 14:11
Kiroldegiko langileak Aritzbataldeko kantxan, pasa den larunbatean.

Astelehenetik larunbatera egingo dituzte lanuzteak. Hainbat mobilizazio ere antolatu dituzte asteazkenetik hasi eta larunbatera bitarterako. 

Aurreikusi bezala, kiroldegiko langileek lanuzteak egingo dituzte datorren astean. Zehazki, astelehenetik larunbatera egongo dira greban. Egun horietarako hainbat mobilizazio planifikatu dituzte. Batetik, asteazkenean bertan zumba saioa izango da udaletxe atarian, "erabiltzaileek emandako babesa eskertzeko eta datozen egunetan kiroldegiko ikastaroetan ezingo dutela parte hartu kontuan izanda". Langileen aldarrikapena izango du oinarrian ekitaldiak, baina "ekintza polita" izango da aldi berean, ELAko Urola Kostako ordezkari Janire Diazen esanetan. 18:30etik aurrera izango da, doan.

Bestalde, ostegunean auto karabana egingo dute, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Ordua zehazteke dute. Ostiralean, berriz, udaletxe aurrean kanpaldia egingo dute, protesta modura. Besteak beste, esku orriak banatuko dituzte euren egoeraren berri emateko. 17:00etatik 19:30era bitartean izango dira bertan.

Larunbat eguerdian, aldiz, manifestazioa egingo dute kiroldegitik udaletxe atariraino.

"Proposamen berririk ez"

Diazek jakinarazi duenez, kiroldegiko langileek asteazkenean izan zuten bilera udal ordezkariekin. Zehazki, beharginek BPXport enpresarekin aurreko astean izandako bilera izan zuten hizpide. "Enpresa horrek egindako proposamenaren inguruan genuen iritzia jakin nahi zuten", zehaztu du. "Jakinarazi genien ezin genuela inondik inora onartu proposamena. Negoziatzeko prest gaudela adierazi genien baina KPIaren %85a ez dela onargarria nabarmendu genien".

ELAko ordezkariaren arabera, udal ordezkariek beste bilera baterako deituko dituzte beharginak. "Ostegun-ostiralean deituko zutela esan ziguten baina ez dugu oraindik deirik jaso. Ez digute proposamen berririk egin, baina berriz biltzekotan geratu gara".