Udalak "irmoki" gaitzetsi du sanpelaioetan gertatutako eraso sexista

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 1a, 21:00

Udalak erasoa jasan duen emakumearenganako errespetua eskatu du, "bere irudia eta intimitatea zaindu beharra dagoelako, errespetu osoz". Bat egin du Zarauzko Mugimendu Feministaren deiarekin: elkarretaratzea izango da bihar, 12:00etan udaletxe aurrean.

Gaur jakinarazi du Zarauzko Mugimendu Feministak adin txikiko emakume batek salaketa jarri zuela bortxatua izan zelako. Udal ordezkariek Bozeramale Batzordea izan dute orain gutxi, eta testu bat adostu dute. Horren bitartez, "Zarautzen, San Pelaio festetan, astelehenetik asteartera bitarteko gauean 16 urteko emakume gazte batek jasandako bortxaketa irmoki gaitzetsi nahi du Zarauzko Udalak".

Testuan jaso dute "neskak jarritako salaketaren ondoren, Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atxilotu" duela, "eta une honetan, epailearen aurretik pasa ondoren, honek behin behineko kartzeleratzea agindu" duela; Martuteneko espetxean dago, jakinarazi dutenez. 

Udalak erasoa jasan duen emakumearenganako errespetua eskatu du, "bere irudia eta intimitatea zaindu beharra dagoelako, errespetu osoz". Era berean, udalak biktimaren eskura jarri ditu bere baliabide guztiak eta akusazio partikular bezala agertzeko aukera gorde du, "indarkeria matxistaren aurrean tolerantzia zero politikaren barruan".  

"Emakume baten aurkako eraso bakoitza gizarte osoaren aurkako kolpea da. Indarkeria matxista ez da arazo indibiduala. Zerbait oker dagoenaren erakusle da. Beraz, irtenbidea bilatzea guztion zeregina da.
Indarkeria matxista mota guztiek gizarte osoa kolpatzen eta umiltzen dute, eta ezin ditugu onartu", nabarmendu dute.

Hala, Zarauzko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egin du udalak, "erasoa jasan duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazteko, eta bortxaketa salatu eta arbuiatzeko". 12:00etan izango da elkarretaratzea, udaletxe aurrean.