Zarauzko Mugimendu Feminista: "Ez dugu horrelako erasorik onartzen, ez Zarautzen eta ezta beste inon ere"

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 6a, 14:27
Pasa den igandean elkarretaratze jendetsua egin zuten, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Oharra kaleratu du Zarauzko Mugimendu Feministak, gaur goizaldean sexu erasoa salatu duen emakumeari elkatasuna adieraziz.

"Gaur jakin dugu, hainbat herritarren elkarlana tarteko, bart beste emakume bat izan dela bortxatua Zarautzen, berak horrela adierazi duela instantzia polizialetan salaketa tarteratuz. Lehenik eta behin tinko salatu nahi dugu eraso biziki larria eta gure babes eta laguntza oso eskaini erasoa jasan duen emakumeari.

Ez dira bost egun igaro publikoki eta tinko gure haserrea eta emakumeok egunez egun jasan dugun egoeraren larritasunaren berri adierazi genuenetik. Igandean ehunka herritar batu ginen Foruen plazan herriko jaietan izan zen bortxaketa salatzeko.

Argi genioen eta ozen diogu orain ere ez dugula horrelako erasorik onartzen, ez Zarautzen eta ezta beste inon ere, gu gara gure gorputzaren jabeak, eta ezin du beste inork, inoiz, gugatik erabaki.

Eraso hauekin izutu nahi gaituzte, zokoratu, eremu publikoetatik atera. Baina argi esan nahi dugu ez dutela lortuko, espazio publikoa gurea ere badela aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugula, eta dei berezia egin nahi diegu herritar guztiei borroka horretara batu daitezen.

Gure egonezina plazaratu nahi dugu. Egungo bizi eta turismo ereduak kezkak sortzen dizkigu; izan ere, festa eremuetan areagotzen ari diren indarkeria kasuak oso kezkagarriak dira. Gertaera hauen aurrean erantzukizuna guztiona da eta beharrezkoa da guztiok horrelako erasoen aurrean tinko salatzea, eta baita erasorik gerta ez dadin denok prebentzioan lan egitea, bakoitzak gure eremutik, txokotik.

Idatzi honen bidez jakinarazi nahi dugu arratsaldean batuko dela mugimendu feminista eta bertan adostuko diren bilkura zein ekimenen berri emanen dugula eguna amaitu baino lehen".