"Lanean jarraituko dugu, halako erasoak tinko salatzen, ez dutela lortuko aldarrikatzen"

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 2a, 12:53
Ehunka lagun bildu dira udaletxe aurrean.

Sanpelaioetan adin txikiko batek sexu erasoa jasan zuela salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute gaur eguerdian, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta.

Ehunka lagun bildu dira gaur eguerdian udaletxe aurrean, sanpelaioetan adin txikiko batek jasandako bortxaketa gaitzesteko. Bertan izan dira Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatua eta Getariako alkate Nika Lertxundi, besteak beste, eta baita komunikabide ugari ere. Ia 30 minutuko elkarretaratzea egin dute.

Bukaeran, Zarauzko Mugimendu Feministako kide Ainhize Muniozgurenek hartu du hitza. Adierazi du gaurko hitzordua erasoa salatzeko ez ezik, biktimari elkartasuna eta babesa agertzeko izan dela. "Egoera larria da, bai, baina larriagotu egiten da festetan", nabarmendu du. Horren adibide da iazko udan gertatutakoa: "Salaketa zaparrada bat egon zen, eta Zarautzen adin txikiko batek erasoa izan zuela ere jakin genuen".

Egoera horren aurrean, dei egin die instituzioei: arduraz jokatzeko eskatu die. "Protokolo asko daude eta guztiak dira beharrezkoak, baina ez dira nahikoak". Nabarmendu du "lehentasunezko gaia" dela, eta horrenbestez, inbertsio gehiago behar dela.

Aldi berean, autodefentsa feminista ere "ezinbestekoa" dela dio, "gure artean lagundu, babestu eta sareak sortzea", hain zuzen ere. "Lanean jarraituko dugu, halako erasoak tinko salatzen, ez dutela lortuko aldarrikatzen, erakusten espazio publikoa geurea ere badela, festa gune seguruen alde borrokan".

Prebentzioan ere indarra egin behar dela gaineratu du, sareak sortuz eta instituzioekin elkarlanean. Jakinarazi du norbaitek halako erasoren baten berri baldin badu, Zarauzko Mugimendu Feminista laguntzeko prest dagoela. "Herritarren arteko aliantzak eta elkarlana behar-beharrezkoa da", amaitu du.