Bihar eguerdian elkarretaratzea egingo dute, gaurko eraso sexista gaitzesteko

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 6a, 14:53

Igandeko elkarretaratze jendetsuko irudi bat.

Udaleko Bozeramaile Batzordea bildu da gaur eguerdian, eta adierazpen bat adostu dute. Hona hemen oharra:

"Zarautzen, bart, 17 urteko emakume gazte batek jasandako eraso sexista irmoki gaitzetsi nahi du Zarauzko Udalak. Neskak jarritako salaketaren ondoren, Ertzaintzak ikerketa ireki du.

Zarauzko Udalak erasoa jasan duen emakumearenganako errespetua eskatu nahi du, bere irudia eta intimitatea zaindu beharra dagoelako, errespetu osoz. Zarauzko Udalak biktimaren eskura jarri ditu bere baliabide guztiak, indarkeria matxistaren aurrean tolerantzia zero politikaren barruan.

Emakume baten aurkako eraso bakoitza gizarte osoaren aurkako kolpea da. Indarkeria matxista ez da arazo indibiduala. Zerbait oker dagoenaren erakusle da. Beraz, irtenbidea bilatzea guztion zeregina da. Indarkeria matxista mota guztiek gizarte osoa kolpatzen eta umiltzen dute, eta ezin ditugu onartu.

Honegatik, Zarauzko Udaleko Bozeramaile Batzordeak erasoa jasan duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazteko, eta eraso sexista salatu eta arbuiatzeko, bihar, ostirala, 12:00etarako elkarretaratze isila deitu du, udaletxe aurrean. Indarkeria matxistaren aurrean, denok gara bat, denok zu"