Aparkaleku berria irekiko dute asteburuan Salberdinen

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 21a, 12:00
Salberdingo pabiloiak eraitsi ondoren geratutako lursaila aparkaleku gisa aprobetxatuko dute udaldian (Zarauzko Udala).

230 autok aparkatzeko edukiera izango du espazio berriak, eta irailaren 30a bitartean funtzionatuko du, TAO bigunarekin.

Berriki eraitsitako Salberdingo pabiloiek utzi duten lursail zabala –7.000 metro koadroko espazioa– baliatuz, uda sasoirako aparkaleku berri bat egokitu du udalak bertan. 230 autok aparkatzeko tokia atondu dute bertan, eta Justo kaletik izango du sarrera, Mitxelena kalearen luzapenetik. Ekaina bukaeran Mitxelena kalean egokitutako 70 autorentzako aparkalekuarekin batera, iaz baino 300 aparkaleku gehiago izango da herrian aurtengo udan.

Irailaren 30era arte egongo da zabalik aparkaleku berria, eta Eguzki Izarra, Kortazar eta Mitxelenakoek bezala, Salberdingoak ere TAO biguna izango du; 2,5 euro balioko du egun erdiz bertan aparkatzeak, eta 5 euro egun osoak. 

“Zarautzen udaldian autoak aparkatzeko sortzen diren zailtasunei irtenbidea emateko formulak bilatzen jarraitzen dugu. Urrutira joan gabe, aurreko asteburuan aparkaleku berezi guztiak bete ziren. 230 plaza gehiago dituen Zelai Ondoko espazio berri honek udaldian aparkalekuak zabaldu eta errazteko dugun helburua betetzen laguntzea espero dugu", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak.

Asteburu honetan bi ekitaldi izango dira herrian, Galiziaren Eguna eta Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia, eta hori kontuan izanda, "ezinbestekoa" ikusi dute asteburu honetarako zabaltzea aparkaleku berria. Era berean, lursailen jabea den Salberdingo Kontzertazio Batzordeari eskerrak eman dizkio alkateak, "izan duen jarrera onagatik eta Zarauzko Udalari partzela hauek utzi izanagatik”.


Aparkatzeko 615 toki

Udal Gobernuak nabarmendu du bi urtetan aparkatzeko 615 toki gehiago eskaini dituela udaldirako; 270 Eguzki Izarran (duela hiru urte baino 50 gehiago), 230 Salberdinen, 185 Kortazarren, 70 Mitxelena kalean eta 50 Itxasmendin. “Jakin badakigu zarauztarroi eta bisitariei autoa aparkatzeko toki faltak arduratzen diela eta udaletik bat gatoz kezka honekin. Horregatik, Gobernura iritsi ginenean Kortazarreko partzela ireki genuen, aurreko legealdian itxita egon baitzen, eta Eguzki Izarrako aparkalekua zabaldu genuen, edukiera gehiago izan zezan. Halaber, Itxasmendiko aparkaleku berria sortu genuen eta uda honetan esfortzu berezia egin dugu Mitxelena eta Zelai Ondoko espazioak egokitzen”, azpimarratu du alkateak.