Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zarauzko Sare Feministak martxoaren 8an egindako irakurketa

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 9a, 09:00
Martxoaren 8ko manifestazioaren amaiera, Lege Zaharren Enparantzan

Zarauztarrek ere bat egin zuten atzo Emakumeok Planto deialdiarekin eta batukadaz lagundutako manifestazioarekin eman zieten amaiera egunari. Mobilizazioaren amaieran, Sare Feministako kideek honako testu hau irakurri zuten.

"Euskal Herria gelditu dugu, gure herria zein mundua mugitzeko!

Zorionak, gaurkoan greba feministarekin, modu batera edo bestera, bat egin duzuen emakume guztioi: ikasleei, etxeko langileei, komertzianteei, baserritarrei, sindikalistei, gazteei, alargunei, lesbianei, transei, han nahiz hemen jaiotakoei, prekariei, garbitzaileei... Zorionak eta mila esker!
Egun historikoa da gaurkoa, isilak eta otzanak izateko hezi gaituzten arren, gaur zaratatsu eta zirikatzaile gaude.

Planto egin dugu etxeetan, lantokietan, kalean, ohean, espetxeetan...

Emakumeok planto kapitalismoari eta neoliberalismoari! Fantasia kapitalista pitzatzen ari da. Aurrerabidearen, berdintasunaren eta ongizatearen promesarekin limurtu nahi gintuen kapitalismo batetik, gutxi batzuentzako lekua besterik ez dagoela argi eta garbi aitortzen duen kapitalismo batera igarotzen ari gara. Sinestarazi nahi ziguten proiektu kapitalistaren baitan posible zirela oinarrizko eskubide politiko eta ekonomikoak izatea, zein sexu identitate eta jendarte demokratikoarekiko errespetua. Baina ez. Kapitalak gure bizitzak erasotzen ditu bete betean. Bizitza ala kapitala? Guk bizitzen aldeko apustu erradikala egiten dugu!

Emakumeok planto indarkeria sexistari! Ez gaude denak. Gogoan izan nahi ditugu indarkeria sexistak kolpatutako emakume guztiak, bereziki Amaia, gogoan zaitugu! Baina horrez gain, esan nahi dugu jazarpena eta sexu erasoak pairatzen ditugula hainbat esparrutan, ez soilik gauetan eta jaietan, baita eremu intimoan ere, etxeetan, gure elkarteetan...Eta neskok txikitatik beldurrez hezten gaituztela, gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala. Autodefentsa feminista da gure tresna, baina bidelagun izan behar ditugu instituzio publiko politiko batzuk, Udalak, Aldundiak, Gobernuak... zeinetan apustu integral bat egingo duten emakumeon indarkeria eta jazarpenarekin amaitzeko. Konpromiso politikoa eta baliabide ekonomiko eta humanoak ezinbestekoak dira, bestela alferrik urtean behineko  hitz politak eta pankartak.

Emakumeok planto arrazakeria eta xenofobiari: Arrazakeriak ere hiltzen eta baztertzen gaitu. Emakume askok pairatzen dugu egunero, Europako mugen eta migrazio politika hiltzaileen ondorioz. Migrazio legeak guztiz babesgabe uzten ditu emakume etorkinak eta errefuxiatuak. Eta  horrez gain,  espainiar estatuko Atzerritarren Lege baztertzailea bertan behera uztea eskatzen dugu. Ongi etorri!
Emakumeok planto kultura patriarkalari eta kontsumorako objektu izateari. Gure gorputza gure erabakia delako!
Horixe ba, greba tresna bat da guretzat...Euskal Herrian aldaketa edo eta trantsizioa feminismotik hauspotzeko, eta noski bide horretan ekonomiaren ezkutuko dimentsioak bistarazteko, elkar ezagutzeko, enpatizatzeko, babesteko eta nola ez, saretzeko eta aliantzak egiteko.
Horregatik, segiko dugu emakumeon eta feministon arteko aliantzak, sareak ehuntzen bihartik aurrera ere!

Gora borroka feminista!"