Inauguratu dute Santa Klarako pasabidea

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 1a, 17:03

20 hilabeteko lanen ostean, gaur inauguratu dute Santa Klarako lur azpiko pasagunea. Eskilarak eta arrapalak egin dituzte bertatik igaro ahal izateko, eta Santa Klara kalean plaza txiki bat egokitu dute, herritarren aisialdirako.

Gaur inauguratu dute Santa Klarako oinezkoentzako pasagunea. Hiru milioi eurokoa izan da lan horiek egiteko aurrekontua (BEZa barne), eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu oso-osorik.

Lur azpiko pasabidera igarotzeko eskilarak eta arrapalak jarri dituzte San Frantzisko eta Santa Klara kaleetan. Azpiegitura berriaren inaugurazioan izan da Arantxa Tapia sailburua, Xabier Txurruka alkatearekin batera. Haiekin izan dira Antonio Aiz sailburuordea eta ETS Euskotren enpresen zuzendari nagusiak (Aitor Garitano eta Imanol Leza, hurrenez hurren). Eusko Jaurlaritzako eta ETSko ordezkariak pasabidetik igaro dira Zarauzko Udaleko hainbat kiderekin batera. Ondoren, Tapia sailburuak adierazi du jarduera honek garrantzi handia duela Euskal Trenbide Sareak "pixkanaka hiriguneetan dauden eta trafiko handia izaten duten trenbide-pasaguneak kentzeko" landu duten politikaren barnean.

Xabier Txurruka alkateak, berriz, eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, egindako ahaleginagatik, baita herritarrei ere, izandako pazientziagatik, 20 hilabetez jasan baitituzte lanen eragozpenak. Era berean, Arkitekturaren Nazioarteko Eguna dela gogorarazi du alkateak, eta horren harira, halako hirigintza jardueren garrantzia azpimarratu du: "Pertsonen zerbitzura dagoen proiektu baten adibide garbia da, baita legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat ere; izan ere, trenbidearen bi aldeak lotuta, nabarmen hobetuko dira zarauztarren segurtasuna, bizi-kalitatea eta mugikortasuna".

Eskaintza berezia paxotarrentzat

Duela urte asko trenbide-pasabidea zaintzen egoten zen familiari eskaini diote azpiegitura berria. Familiaren ezizena bera, Paxo, herritarren artean hedatua dagoen pasonibel hitzetik dator. Izan ere, Joxe Olazabal eta Eulali Iruretagoiena arduratu ohi ziren pasabideko barrera igotzeaz eta jaisteaz. Haien omenez, Paxo jartzen duen plaka bat dago pasabidearen sarreran, San Frantzisko kalearen aldetik.