Arropa beste emozio

Amaia Urbieta Arruti 2018ko aza. 18a, 10:41

"Leher eginda baina pozik" amaitu zuten eguna atzo Hotz Zarautz elkarteko kideek eta arropa bilketan laguntzen jardun zuten boluntarioek. 20:30 ingurura arte aritu ziren arropak jasotzen, tolesten eta sailkatzen.

Ostiralean eta larunbatean, guztira, 50 boluntario inguru jardun dira lanean, eta "oso gustura" amaitu dituzte egitekoak. "Jendearen erantzuna zoragarria izan da", azaldu du elkarteko kide den Agate Burgañak.

Zarauztarren eskuzabaltasunak ez ditu sorpresaz harrapatu, ordea. "Duela bi urte janari bilketa egin genuenean ere erantzuna izugarria izan zen, bi kamioi janariz eta eskatu genituen bestelako tresnaz bete genituen, beraz, oraingoan ere erantzun ona izango genuenaren esperantza geneukan". Bildutakoa arropa izateak lagundu duela ere azaldu du Burgañak. "Denok daukagu arropa soberan etxean, eta askotan ez dakigu zer egin horrekin".

Kaxaka sailkatu dute bildutako arropa guztia, eta oraindik jasotakoaren kopururik ez dakiten arren, argazkietan Mazaren lokal ohia kaxa handiz bete-betea ikus daiteke. Orain, Zaporeak proiektuarekin koordinazio lanetan aritu beharko dute, kaxa guztiak Donostiara eramateko. Antolatzaileek azaldu dutenez, astelehenera arte ez dituzte eramango. Bestetik, Zarauzko egitasmoa arrakastatsua izan bada ere, Zaporeakek Euskal Herri osoko balorazioa egiteko dauka. "Orduan ikusiko da ekimena benetan arrakastatsua izan den, izan ere, guk aurretik esperientzia geneukan eta ondo antolatu gara, baina esan digutenez, beste zenbait herritan galduago ibili dira".

Gabonetako azoka

Atseden hartzeko tarte gutxi hartzen dute Hotz Zarautzekoek. Behin arropa bilketa bukatuta, datorren iganderako txokolate jana prestatzen hasiko dira, eta horrez gain, gabonetako azokan pentsatzen jarriak daude dagoeneko.

Aurreko urtean bezala, bigarren eskuko azoka bat egiteko asmoa daukate, Mazaren lokalean bertan. Datak zehaztu gabe dauden arren, abenduaren hasieran objetuak biltzeko deialdia egingo dutela aurreratu dute, ondoren beraiek sailkatu, eta hilabetearen erdialdetik aurrera, bigarren eskuko azoka martxan jarriko dute. Aurreko urtean "harrituta" gelditu ziren izan zuen arrakastarekin. "Hiru astean 28.000 euro inguru bildu genituen".

Argazkiak: Agate Burgaña eta Amaia Urbieta Arruti