Suhiltzaile zerbitzuaren inguruko eztabaidak arrakalak sortu ditu udalbatzarrean

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ots. 1a, 13:08
Atzo manifestazioa egin zuten Gipuzkoako suhiltzaileek, eta udalbatzarrean aurkeztu zituzten beren aldarriak. (Gorka Eizagirre)

Gipuzkoako suhiltzaileek mobilizazioa egin zuten atzo Zarautzen, eta beren eskakizunak eta aldarriak aurkeztu zituzten Zarauzko udalbatzarrean. Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako plan estrategikoa betetzea eta langile kopurua handitzea eskatzen dute: "egoerari berehalako erantzun bat eman behar zaio". Udalbatzarrean EAJk atzera bota zuen 48 suhiltzaile plaza berri sortzeko eskakizuna jasotzen duen EH Bilduren mozioa, eta suhiltzaile zerbitzuaren inguruan EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuten, EH Bilduren eta Irabazi Zarautzen aurkako botoekin.

Ekainaren 13an, suhiltzaile zerbitzuaren inguruko Gipuzkoa 20_30 plan estrategikoa onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horrekin batera, 19 mozio ere ontzat hartu zituzten, tartean, "planaren garapenerako urteko ekintza planak egitea eskatzen zuena eta suhiltzaileen lan baldintzak hobetzeko, lanpostu berriak sortzekoa".  Modu horretan, suhiltzaileen txandetarako gutxieneko langa, 4 langilekoa, gainditzea eta txanda guztiak gutxienez 6 suhiltzailekoak izatea lortu nahi zuten.

Gipuzkoako Batzar Nagusien ebazpen hori betetzeko eta gauzatzeko, 84 suhiltzaile plaza berri sortu behar dira. Hala ere, suhiltzaileek salatu dutenez, onartutako plana eta mozioak ez dituzte egikaritu, eta txandak 4 suhiltzailekoak dira oraindik. Iñigo Arruti Zarauzko parke-etxeko suhiltzailearen arabera, langile kopuru hori "gutxiegi" da eta "larri" ibiltzen dira zerbitzua emateko, "eta are gehiago ordezkapenak egin behar baditugu"; "ez gara denera iristen". Gipuzkoako suhiltzaileen lan poltsa "hutsik" dagoela eta ez direla gutxieneko txandak bermatzen salatu dute.

"Lau gutxi da"

Une honetan, suhiltzaile eta kaboen artean, 204 funtzionario daude Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuan, eta horien artean osatzen dituzte herrialdeko 8 parke-etxeetako txandak. Aldundiaren barne araudiaren arabera, txanda horiek "segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko" gutxieneko txandak dira.

Suhiltzaile zerbitzuari "ez diola larrialdietako zerbitzu batek merezi duen arreta jartzen" salatu du suhiltzaileen Langile Batzordeak, eta horrek langileen eta zerbitzu hori behar dutenen segurtasuna "arriskuan" jartzen duela adierazi dute. "Oso motz geratzen diren minimoetan egin behar dugu lan", gehitu dute.

Arrutiren arabera, "langile kopurua handitzea" da beren aldarri nagusia: "Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du onartutako plan estrategikoa bete, eta txanda bakoitzean soilik 4 langile izaten jarraitzen dugu, 6 beharrean. Egoerari berehalako erantzun bat eman behar zaionez, txandak behintzat 5 suhiltzailekoak izatea eskatzen dugu, behin-behineko neurri gisa. Horrek 48 postu berri sortzea eskatzen du. Dena den, behin berehalako neurri hau hartuta, aurrerago txanda guztiak 6 langilekoak izatea lortu nahi dugu".

Gipuzkoan suhiltzaile parkeak dituzten herri guztietan aurkeztu dituzte egoerari aurrera egiteko mozioak. Zarauzko EH Bilduk mozio gisa jaso eta aurkeztu du 48 suhiltzaile plaza berri sortzeko eskakizuna egitea aldundiari, 5 langileko txandak egin ahal izateko. "Gutxieneko txandak bermatu ahal izateko, bajak ordezkatu ahal izateko eta suhiltzaileen lan baldintzak hobetzeko, ezinbestekoa da lanpostu berrien sorrera", azaldu zuten. EAJk ere aurkeztu du mozioa Zarauzko Udalean, "kalitatezko" suhiltzaile zerbitzua ahalbidetzeko "aurreikusita dauden hobekuntza guztiak" burutzeko eskakizuna biltzen duena.

Atzo izan zen ohiko osoko bilkura Zarauzko Udalean, eta Gipuzkoako suhiltzaileek mobilizazioa egin zuten Zarauzko parke-etxetik udaletxera, "Imanol Lasa hitza bete" eta "4 gutxi da, suhiltzaile gehiago ya" lemapean. Amaitzean, pleno aretoan sartu ziren, udalbatzarrean beren eskakizunak eta aldarriak aurkezteko. "Langile Batzordearen eta suhiltzaileen aldarrikapenak babestea" eskatu zioten udalari.

Bozketa parekatuak

Udalbatzarrak atzera bota zuen EH Bilduren mozioa. EH Bilduren, Irabazi Zarautzen eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin, berdinketa izan zen, 10-10. Berdinketa gertatuz gero, alkateak izaten du azken hitza; Xabier Txurrukak aurkako botoa eman zuen une horretan, eta beraz, atzera bota zuten EH Bilduk aurkeztutako mozioa.

Bestalde, EAJk ere suhiltzaile zerbitzuaren inguruko mozioa aurkeztu du urtarrilean. Laburbilduz, honako lau ideia hauek jasotzen ditu adierazpenak:

  1. "Zarauzko osoko bilkurak bat egiten du suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko burutu den Gipuzkoa 20_30 dokumentuarekin.
  2. Zarauzko osoko bilkurak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio suhiltzaileen zerbitzuak udalerrian kalitatezkoa izaten jarraitu dezala eta aurreikusita dauden hobekuntza guztiak burutu ditzala.
  3. Zarauzko osoko bilkurak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio, dokumentuan aurreikusita dagoen bezala, giza baliabide gehiago jartzeko eta, horretarako, zerbitzuan adierazi diren Lan Eskaintza Publiko berriak garatzen jarraitzeko.
  4. Zarauzko osoko bilkurak, zerbitzu honek duen garrantziaz jabetuta, egon daitezkeen eztabaida eta ideia trukaketak modu egokian bideratzea eskatzen die agente guztiei, demagogia eta gehiegikeriak alde batera utzita".

Kasu honetan, udalbatzarrak onartu egin zuen mozioa, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Irabazi Zarautzen aurkako botoekin, 12-8. Hona hemen EAJren mozioa eta EH Bilduren mozioa osorik.