Atzoko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo du CCOO-k Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 21a, 16:46

Bi langile hil ziren atzo eskualdean; bat Zestoan, basozain lanetan ari zela zuhaitz bat gainera erorita eta bestea Zarautzen, lanean ari zen garabia erorita. CCOO sindikatuak heriotzak salatzeko elkarretaratzea deitu du eguerdi parterako Lege Zaharraren Enparantzan.

Atzoko lan heriotzak salatzeko Lege Zaharren Enparantzan elkartzeko deia egin du biharko CCOO sindikatuak, 11:30ean. Bi langile hil ziren atzo Urola Kostan; bat Zestoan, zuhaitz bat gainera erorita eta bestea Zarautzen, lanean ari zen garabia behera erorita. Hainbat eragilek erantzun dute ezbeharraren aurrean. Besteak beste, Zarauzko Udalak elkartasuna adierazi zion familiaren biktimari eta "lan osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen" jarraitu behar zela adierazi zuen. Zarauzko EH Bilduk ere elkartasuna adierazi zien twitter bidez bi hildakoen familietako kideei.

Azpeitian deialdia, bat eginik

Azpeitian ere elkarretaratzea deitu dute biharko zazpi eragilek bat eginda. "Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Batzuen diru nahi mugagabea besteen bizitzen gainetik jartzearen ondorioa, hain zuzen ere", azpimarratu dute. Honako eragile hauek deitu dute protestara: CNT, Sortu, ELA, LAB, Azpeitiko Gaztetxie, Ernai eta Elkar-Ekin. Azpeitiko plazan egingo dute protesta, 19:00etan hasita. “Prekarietateak hil egiten du. Bizitza duinak herritarrontzat”, aldarrikatu dute.