Udako egitaraua aurkeztu du udalak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko eka. 28a, 13:55
(Dorleta Agiriano Lai)

Kirol eta kultur jarduerak izango dira nagusi udako egitarauan. Egitasmoei hasiera emateko, Kalerki jaialdiaren barruan, antzerki emanaldiek hartuko dituzte Zarauzko kaleak uztailaren 4tik aurrera, eta asteburuan, Txaparrotan eskubaloi jaialdia izango da Desertu Txikian.

Sanpelaioen azken txanpan aurkeztu du udako egitaraua Zarauzko Udalak. Xabier Txurruka alkateak eta Ixidor Larrañaga jarduneko Turismo zinegotziak gaur eman dute uztailetik abuztura bitartean izango diren zenbait egitasmoren berri. Herriko hainbat elkartek eta taldek elkarlanean osatu dute programazioa, eta batez ere, kultur eta kirol jarduerak izango dira nagusi.

Kultur arloari dagokionez, aste honetan jakinarazi dute 26. Kalerki Kale Antzerki Jaialdiaren egitaraua. Hala, uztailaren 4tik 7ra bitartean, antzerki emanaldiek hartuko dituzte Zarauzko kaleak. Uztailaren 11tik 13ra bitartean, 18. Bertso Astea izango da, eta 14an Artisau Eguna ospatuko dute Lege Zaharren Enparantzan. 20an udako kontzertua eskainiko du Zarautz Abesbatzak, eta 21ean, Iñurritzan Galiziarren Eguna izateaz gain, aire zabaleko pintura azkarreko lehiaketan arituko dira hainbat artista. Abuztuan ere jarraituko dute kultur egitasmoekin. Zarauzko 31. Udako Musikaldia izango da abuztuan zehar, eta 7an Nafarroako Produktuen Azoka egingo dute Alde Zaharreko kaleetan.

Gainera, kukaña lehiaketak izango dira portuan uztailean zein abuztuan. Ostegunero haurrei zuzendutako ikuskizunak eskainiko dituzte Lege Zaharren Enparantzan, eta igandero, musika emanaldiak izango dira Musika plazan; tartean, nafar jotak edota mariatxiak. Bestalde, sanpelaioen amaieraren atarian egon arren, jaiek ez dute etenik izango udan; uztailean Vista Alegre eta Hiruerreketako festak izango dira, eta abuztuan, Azken Portukoak.

Zarauzko Aste Nagusia abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dute. Berrikuntza modura, arratsaldero izango dira kalejirak Zarauzko kaleetan, erraldoiekin eta txarangarekin. Iluntzean eta gauean kontzertuak izango dira nagusi, Musika plazan zein itsas pasealekuan. 14an Alaiki eta DJ Abiba taularatuko dira, eta 15ean, Ilargi Beltza eta 3ZPA4. 16an, su artifizialen ostean, Los Bilbainos eta La Union taldeak igoko dira oholtza gainera, eta 17an, Michael Jackson omenduko dute, Michael Legend emanaldiaren bidez. Azken egunean, 18an, Zarauzko Eraso! taldeak eta Hesianek eskainiko dituzte kontzertuak.

Udan ere kirolez blai

Iazko berrikuntza izan ziren herri kirol saioak; Izeta eskolaren eskutik, asteazkenero egin zituzten erakustaldiak, udaletxe aurrean. Aurten ere astero izango dira saioak, egun eta leku berean. Eskubaloiak eta halterofiliak ere badute beren lekua egitarauan. Uztailaren 6rako eta 7rako Txaparrotan eskubaloi festa antolatu dute Desertu Txikian, hamaseigarren urtez jarraian; eta uztailaren 6an, halterofiliako Zarautz Saria jokatuko dute itsas pasealekuan.

Patxi Zaporraren omenezko pilota txapelketari uztailean ekingo diote, baita Emakumezkoen Pala Txapelketari ere. Futbolari dagokionez, Realaren eta Santanderreko Racing taldearen arteko norgehiagoka izango da Astin, uztailaren 20an. Egun berean, Zarautz-Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egingo dute aurrenekoz, eta hurrengo egunean, Getaria-Zarautz zeharkaldiaren txanda izango da, 49. aldiz jarraian.

Abuztuan ere ez dira faltako kirol jarduerak. Abuztuaren 3an, Freestyle irristaketa erakustaldia izango da itsas pasealekuan. 17an eta 18an arraunak hartuko du herria: Zarauzko Ikurriñak jokatuko dituzte Zarauzko uretan Euskotren eta Eusko Label ligako ontziek, eta Zarautz Arraun Elkarteko Ikurriña irabazteko lehian murgilduko dira KAE-1 ligako arraunlariak. Bestalde, abuztuaren 22tik 25era izango da 3x3 saskibaloi txapelketa, itsas pasealekuan.