Gutuna: "Udalak bere hutsegiteak ezkutatzeko erabili du BPXport enpresa"

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 28a, 15:14

Uda denboraldia hasi zenetik eman du zeresanik aurtengo hondartzako zaintza zerbitzuak. Ardura hori duen BPXport enpresak ondoko gutuna helarazi du hedabideetara, udalaren azalpenei erantzunez.

Ekainaren 15ean hasi zen BPXport enpresa Zarauzko hondartzan zaintza zerbitzua eskaintzen. Aurreko urteetako zerbitzuarekin alderatuta, ordea, sorosle kopurua murritzagoa da eta ordutegiak ere laburragoak dira. Honek zeresana sortu du, eta udalak, BPXport enpresa "sinatutako konpromisoak ez zela betetzen ari" azaldu zuen duela astebete. BPXport enpresak erantzun bat eman nahi izan dio udalari, eta ondoko gutuna helarazi du hedabideetara:

"Azken egunotan aldizkari ezberdinetan atera diren informazioak direla eta, BPXportetik hauei guztiei erantzun bat eman beharrean aurkitu gara, esandakoak ez baitira egiak. Hondartzetako sorospen zerbitzuaren nondik norakoak ondo ulertzeko, hilabeteetan atzera joatea beharrezkoa da.

Iaz Gipuzkoako hondartzetako sorospen enpresa eta langileen artean, udal desberdinen oniritziarekin, horietan noski, Zarauzko Udalarenarekin, langileen lan baldintzak hobetzen zituzten greba amaierako akordio bat sinatu zen. Beraz, Zarauzko Udalak, Gipuzkoako beste hainbat udalek bezala, udara honetatik aurrera akordio horretan jasotako baldintzak bermatzeko konpromisoa hartu zuen.

2019ko martxoaren 3ko datarekin, zerbitzua ematen hasi baino 79 egun lehenago, Zarauzko udalak hondartzetako sorospen zerbitzua lizitaziora atera zuen. BPXport ez zen lehiaketa horretara aurkeztu, udalak ateratako baldintzek ez zutelako iaz sinatutako akordioa betetzeko nahikoa diru jasotzen. Azkenik, lehiaketa horretara enpresa bakarra aurkeztu bazen ere, honek gutxieneko baldintzak betetzen ez zituela eta, lehiaketa bertan behera gelditu zen.

Honen aurrean, Zarauzko Udala enpresa ezberdinekin hitz egiten hasi zen. BPXportek bi bilera izan zituen udalarekin eta bertan esan zioten enpresari udalak ezin zuela lehiaketa honetarako partida ekonomikoa igo eta beraz, zerbitzuak murriztu behar zirela. BPXporti hainbatetan galdetu zioten zerbitzua nola murriztu zitekeen, baina BPXportek udalaren esku utzi zuen erabaki hau, izan ere, zerbitzua egokien ezagutzen duena Udala bera da. Honenbestez, Zarauzko Udalak eta ez beste inork ondorengo erabakiak hartu zituen lehiaketa berri bat ateratzeko:
1. Zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era soilik ematea, hots, zerbitzua hilabetez murriztea.
2. Errefortzuko 2 sorosleak kentzea.
3. Goizetan zerbitzua 11:00tan hastea 10:45etan izan ordez.

Horrela, maiatzaren 20an lehiaketa berri bat atera zuen Zarauzko Udalak, eta kasu honetan bai, BPXport lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuen. Honen ostean eta epea gainean zegoela jakinda hasi zen Zarauzko Udala mesedeak eskatzen: lehenik eta behin, legeak agintzen duen dokumentazioa aurkezteko enpresak 10 egun bazituen ere, udalak 2 egunetan entregatzeko eskatu zion enpresari eta horrela egin zuen BPXportek; ondoren behin betiko adjudikazioa egin ostean, Zarauzko Udala legeak 15 eguneko epea baino lehen kontraturik sinatu ezin dela esaten duenaz konturatu eta enpresari eskatu zion ekainaren 14an bien arteko akordioa sinatzeko zerbitzua ekainaren 15ean has zedin. BPXportek beste behin bere esku zegoen guztia egin eta akordioa sinatu ostean, ekainaren 15ean zerbitzuari ekin zion.

Udalak argitaratu dituen albisteetan aipatu du enpresari eskatu diola plegu teknikoetan jasotakoa betetzeko, baina ez du zehazten zer den enpresak bete ez duena eta beraz, aipamen horiekin udalak gaizki eginikoak ezkutatu nahian zerbitzuan eman diren aldaketen errua enpresari zein langileei egotzi nahi dizkio, inolako oinarririk gabe. Esaterako, 2 sorosleen errefortzua kentzearen erabakiaren ondorioak orain enpresari bota nahi dizkio udalak, kaleratu duen lehiaketak baldintza horiek jasotzen dituela ahaztuta.

Honen harira, sorosleen jarrera zein zerbitzuarekiko erantzukizuna momentu oro txalogarria izan dela aipatu behar dugu, izan ere, esan digutenez neguan zehar hainbatetan bildu dira udalarekin lehiaketako baldintza pleguez hitz egiteko, eta udalak horiekin hitz egindakoak jaso ez baditu ere, sorosleak profesionaltasun osoz ari dira lanean.

Bestetik aipatu, BPXportek lehen egunetik langileek iazko denboraldian sinatu zuten lan baldintzei buruzko akordioa bere osotasunean bete duela, langileen subrogaziotik hasi eta sinatutako baldintza ekonomikoak arte. Beraz, BPXporten partetik ez da inolako huts egiterik egin ez zerbitzuan ez eta langileen lan baldintzen ere ez.

Udalak esandakoa erabat lekuz kanpo dagoela uste du BPXportek, beraien huts egiteak ezkutatzeko baliabide gisa erabili du udalak enpresa."