EH Bilduk "urgentziazko kontratu aldaketa" eskatu du sorosle zerbitzuan

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 4a, 17:33

Agerraldia egin du malekoian Zarauzko EH Bilduk, Udal Gobernuak hondartzako zaintza zerbitzuan egindako murrizketak kritikatzeko eta aldaketak eskatzeko.

"Udal Gobernuaren kudeaketa eskasak Zarauzko hondartzako segurtasuna kolokan jarri du, eta horrekin batera, zarauztarren eta bisitarien lasaitasuna ere bai". Ekainaren 15ean hasi zen zaintza zerbitzua Zarauzko hondartzan, eta uda sasoi berriarekin batera iritsi ziren hainbat aldaketa. Aurten ez du Gurutze Gorriak kudeatuko zerbitzua, BPXport enpresak baizik. Aurreko urteekin alderatuta, murritzagoa izango da sorosle kopurua, baita ordutegia ere. Aldaketek eta gaiaren kudeaketak arrakalak eta eztabaida sortu ditu Zarautzen.

EH Bilduko kideek adierazi dute sorosleekin eta udal teknikariekin bildu direla, eta hala, "egoeraren aurrean kezka" azaldu dute. "Urgentziazko kontratu aldaketa bat" eskatu diote Udal Gobernuari, "sorosle kopurua zabaltzeko eta bainu gune guztiak irekiak eta seguruak izan daitezen", "zerbait larria gertatu aurretik". Hala, "Zarauzko hondartzako segurtasuna lehenbailehen bermatzeko beharrezko neurriak" har ditzan galdegin diote Udal Gobernuari.

Aldaketak aldaketa

"Hondartzaren kudeaketa sistemaren aldaketa ekarri duena, sorosleen lan baldintza duinen eskaera guztiz logikoa" izan dela diote. Kudeaketa "boluntariotzan oinarritutako erakunde baten" -Gurutze Gorria- esku egotetik enpresa baten esku egotera pasatzeak "filosofia aldaketa bat" eragin duela azpimarratu dute koalizioko kideek.

Udalak martxoaren 3an atera zuen lizitaziora sorosle zerbitzua, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. "Argi gelditu da udalak deialdian proposatutako baldintza ekonomikoak ez zirela nahikoak, deialdia desertu gelditu baitzen»", diote EH Bildukoek. Hala, hainbat enpresarekin harremanetan jarri zen udala, tartean, BPXport. Enpresak azaldu duenez, udalak adierazi zien zerbitzuak murriztu behar zirela, "ezin zelako lehiaketarako partida ekonomikoa igo". Zerbitzua esleitzeko maiatzean aurkeztutako lehiaketa berrian, hainbat erabaki eta aldaketa jaso zituen udalak; hala nola, zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era murriztea, errefortzuko bi sorosleei lanorduak murriztea, goizetan zerbitzua 15 minutu beranduago hastea, bainu guneak murriztea, bainu lagundua "kolokan jartzea", edota uneoroko 22-23 sorosleen kopurua 16ra murriztea. EH Bildukoen esanetan, martxoan ateratako lehiaketarekin alderatuta, udalak "diru kopurua igo bazuen ere, ez da behar adinako igoera izan, zerbitzuen murrizketa bat egin behar izan baitu".

"Zarauzko EH Bilduren udal taldearentzat onartezina da herritarren eta bisitarien segurtasunerako baliabide ekonomiko nahikoa ez bideratzea", salatu dute.