"Arduraz jokatzea egokitu zaigu auzipetuoi"

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 16a, 14:30
Ainhoa Baglietto zarauztarra izan da 11/13 sumarioan auzipetutako abokatuetako bat. (Utzitako argazkia)

Fiskalarekin akordioa lortu dute gaur 11/13 sumarioan auzipetutako kideek. Kartzelan preso sartuko dituzte Zulueta eta Enparantza, eta ez dituzte espetxeratuko gainontzeko 45 epaituak. Tartean da Ainhoa Baglietto zarauztarra.

Gaur goizean hasi da 11/13 sumarioko auzipetuen aurkako makroepaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beren aurkako akusazioak onartu dituzte 47 auzipetuek, eta akordioa lortu dute fiskalarekin. Hala, espetxeratu egingo dituzte Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, eta gainontzeko 45 akusatuei, urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorrak ezarri dizkiete. Tartean da Ainhoa Baglietto zarauztarra, beraz, ez dute kartzelan preso sartuko.

Bagliettok adierazi duenez, "ukitu gazi-gozoa dute akordio guztiek": "Espetxeratu egingo dituzte auzipetutako bi kide, eta fiskalak egindako akusazioak onartu behar izan ditugu". Horretaz gain, "hainbat kostu pertsonal" ere izango direla gogorarazi du; izan ere, lan eta kargu publikoetarako inhabilitazio zigorrak edota zaintzapeko askatasunak ere barnebiltzen ditu erdietsitako akordioak. Dena den, Bagliettok azaldu du "arduraz jokatzea egokitu" zaiela auzipetuei: "Ezin gara lehengo garaira itzuli; ezin dugu espetxeak betetzen jarraitu". "Hau izan da aukerarik onena", gehitu du abokatu ohiak.

Bestalde, beren aurkako auzia dela-eta "jendeak egindako lana eta emandako erantzuna eta besarkada" eskertu ditu Bagliettok. Orain, beren lan guztia "preso eta iheslarien eskubideen aldeko lanera" bideratuko dutela dio: "Hori da gure desioa, eta hori izango da gure lana hemendik aurrera".

Erlazionatuak

"Trapu zikinak ateratzea ordainarazi nahi digute"

Dorleta Agiriano Lai / Onintza Lete Arrieta 2019 ira 12 Zarautz