Gutuna: Play-Eruak txapelketako antolatzaileen eskertza

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 7a, 12:09
(Aritz Mutiozabal)

Abenduaren amaieran ospatu zuten Play-Eruak txapelketa, eta bertako antolatzaileek ondoko eskertza gutuna helarazi dute.

Play-Eruak Txapelketa bukatu zenetik egun gutxi batzuk pasatu diren honetan, antolakuntzan aritu ginenok gure esker onak adierazi nahi dizkiegu bidean lagun izan ditugun horiei guztiei. Zer hobetu egon bazen ere (hurrengorako hobetzen saiatuko garenak), asteburu borobila bizitzeko aukera izan genuen. Eguraldia lagun eta parte hartze espero baino dezente handiagoaz, helbururik nagusiena gauzatzea lortu genuen: ehunka neska-mutilei ordura arte ez zuten aukera bat eskaintzea, playerotan jokatzea alegia.

Baina, esan bezala, hori guztia ezinezkoa izango zen hainbat eta hainbaten laguntzarik gabe: lehenik, noski, jokalariak, erantzun paregabea izan zuten eta. Baita ikastetxeetako Kirol Koordinatzaileak, sariak eman zituzten babesleak, Zarauzko Udal eta Kirol Elkartea, kartel egilea, Arraio Irratiko lagunak, jostailuak eman zituzten herritar guztiak, Ondartza Elkartea, Gurutze Gorria, SKAPA eta Zelai-Ondoko komisioa, eta azkenik, epaile zein bestelako lanetan aritu diren hamarnaka bolondresak.

Txapelketa-eredu berri bat martxan jarri nahi genuen, eta neurri batean lortu dugula uste dugu. Zuei esker eta zuekin batera. Ea datorren txapelketan bide honetan pausoak ematen jarraitzen dugun. Guztion beharra izango dugu, baina egingo dugu, eskerrik asko!