Zarauzko Sarek enkantean jarritako obra gehienak erosi dituzte herritarrek

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 31a, 14:41

Asteleheneko erakusketa eta enkantea "espero baino hobeto" atera zela esan du presoen eskubideen aldeko taldeak, eta jakinarazi du saldu ez ziren sei obrak erosteko aukera dagoela Internetez.

Astelehen honetan, abenduak 28, arte erakusketa eta enkantea egin zituen Zarauzko Sarek Zinema Frontoian goizean hasi eta iluntzera arte. Antolatzaileen esanetan, "espero baino hobeto" atera zen egitasmoa, obren gehiengoa enkantean saldu baitzen eta herritarrek beren etxeetara eraman baitzituzten herriko eta inguruetako artistek Sareri emandako artelanak. Helburua da dispertsioak eragiten dituen gastuei aurre egiteko erabiltzea jasotako dirua.

Saldu ez ziren sei obrak, berriz, datozen bi asteetan Internet bidez eskuratzeko aukera egongo dela jakinarazi du taldeak. Horretarako Sare Zarautzen sare sozialak erabil daitezke, edo korreo elektronikoa idatzi (harremana@sare.eus).

Eguraldi makurra suertatu zen astelehenean, baina antolatzaileek azaldu dute herritar ugari gerturatu zela pilotalekura erakusketa ikusi eta enkantean parte hartzera. Horrez gain, azpimarratu dute Mari Kruz Etxeberriak eskuz eginiko postalek "arrakasta berezia" izan zutela, "goizeko lehen orduetan agortu baitziren".

Sarek "bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi" izan dizkie beren obra eskaini duten artista guztiei, baita jam sessionean parte hartu eta murala margotu zutenei ere. "Eurei esker sortu ahal izan genuen egun eder eta ezberdin hau urtarrilaren 9ko deialdia eginez. Esker bereziak Manu Urbieta Illarramendi eta Jon Aranguren artistei ere, erakusketa muntatu eta hainbat artistarekin harremanetan jarri izanagatik".

Erakusketan parte hartu zuten artisten zerrenda ere zabaldu nahi izan du Zarauzko Sarek:

  • Helena Aierbe eta Itziar Artetxe
  • Manu Urbieta Illarramendi
  • Pilar Herrera
  • Maite Oviedo
  • Marikruz Etxeberria
  • Iurgi Olaizola, Txili
  • Keixeta
  • Joakin Ferrera
  • Jon Aranguren
  • Maider Leturiaga
  • Ander Hormazuri
  • Mr Euskaldun
  • Gari Berasaluze
  • Amaia Zaldua
  • Euxebio
  • Idoia Lertxundi
  • Amaia Zinkunegi
  • Goretti Aranburu
  • Mikel Mendizabal
  • Piru