Gizonezkoen traineruak uretan

Zarauzko Hitza 2021ko urt. 4a, 11:20
Argazkia: @zarautzarraun

"Goibeltasunari aurre eginez", horrela jarri du Zarautz Arraun Elkarteak bere Twitter kontuan, Orioko barra inguruan uretan ageri diren bi traineruen argazkiaren azpian. Babesle berria du taldeak, eta Zarautz-Gesalaga-Okelan izena edukiko du aurrerantzean.

Gaur astebete da ZAEko gizonezkoen taldeko arraunlari batek istripu larria izan zuenetik Orioko kanpoko barran korrika saioa egiten ari zenean beste bost arraunlarirekin batera. Denboralea iragarrita zegoen, baina lekukoen arabera une haietan ez zegoen olatu handirik. Bat agertu zen, ordea, eta 28 urteko mutila bota egin zuen goiko partetik behekora.

Buruan kolpe handia hartu zuen, eta ordutik ospitalean da.

Klubak aipamena egin dio txio eta argazki horrekin, eta duela egun batzuk eskerrak ere eman zituen "jasotako babes guztiagatik", baina oraingoz ez dute bestelako adierazpenik egin publikoki.

Babesle berria

Bestalde, klubak jakinarazi du babesle berria duela. Hala, gizonezkoen trainerua Zarautz-Gesalaga-Okelan izango da hemendik aurrera.

Denboraldi berrian emakumezkoen senior taldea ere izango du aurreneko aldiz ZAEk. Onintza Olaizola arraunlari zarauztarra da entrenatzailea, eta bideo honetan eman zion HITZAri hasi berri duten bidearen berri.