"Zarautzen epe luzean ere Gaztetxe bat izango dela bermatu nahi dugu"

Zarauzko Hitza 2021ko api. 17a, 11:00

Putzuzuloko kideek agerraldia egin zuten atzo, Gaztetxearen inguruko azken berriak azaltzeko. Aurki eraitsiko dute Putzuzulo, eta hango kideek hainbat urtez "desalojo eta eraiste mehatxua gainean" izan eta "Gaztetxea bermatzeko lanean" jardun ostean, alkateak esan die GLK Altzariak pabiloia izandakoa erosi eta Gaztetxea han birkokatuko duela udalak. Putzuzuloren eta udalaren arteko hitzarmen berria, ordea, adosteke dago oraindik, eta bi eskakizun egin dituzte Gaztetxeko kideek: "lagapen berri baten bidez", pabiloiaren "erabilera eta kudeaketa Putzuzulo Kultur Elkartearen esku uztea", eta "bermeak", "etorkizunean ere Zarautzen Gaztetxe bat egon dadin". 

Atzo arratsaldean dozenaka lagun bildu ziren Munoa plazan, Putzuzuloko kideek egindako deiari erantzunez. Agerraldia egin zuten hala, Gaztetxearen gaur egungo egoeraren berri emateko. "Zarauzko gazteek 2005eko urrian birjabetu zuten Lizundia oihal fabrika zaharra, okupazio bidez, Gaztetxe bihurtzeko. Hamabost urteren ondoren, Zarautzek Gaztetxe bat izaten jarrai dezan lanean aritu behar izan dugu azken hilabeteetan Putzuzuloko asanbladan, eta ahalegin horien emaitzaren berri eman nahi genizueke guztiei", esan zuten prentsaurrekoa hasi bezain pronto.

"2019ko udaberrian, Salberdingo obrak zirela-eta, beste behin, Putzuzulotik elkarrizketei heltzeko eskatu genion udalari, eta azken hilabeteetan behin eta berriz errepikatu duguna adierazi genion: Putzuzulo eraitsi aurretik bermatu behar dela Gaztetxe berri bat Zarautzen, eta beharrezkoa dela epe luzean ere herrian Gaztetxe bat izango dela ziurtatzea", azaldu zuten. Gogora ekarri zuten "aspalditik" dutela "gainean desalojoaren eta eraisketaren mamua", baina alkateak iaz jakinarazi ziela data zehatz bat: esan zien 2020 urte amaieran eraitsiko zutela Putzuzulo. "Eraisteko agindua sinatuta zegoenez, 'promotoreen esku' geundela bagenekien", adierazi zuten Gaztetxeko kideek.

Azken hilabeteak

Argitu zuten "lehen aukera" modura "herriaren erdialdean kokatuta dauden eta udalaren jabetzakoak diren hainbat eraikin proposatu" zizkiotela alkateari "Gaztetxearen proiektua birkokatzeko"; "baina hark ezezkoa eman zien guztiei". "Ondoren, Hegoalde hiri eremuan eraikin bat eskuratu eta Gaztetxea bertan birkokatzeko aukera aipatu zuen alkateak, eta prentsaurreko bidez iragarri zuen asmo hori iazko azaroan", gogorarazi dute.

Udalbatzan onartuta geratu zen Hegoalde eremuan eraikin bat erosteko asmoa, eta udalak martxan jarri zuen, orduan, erosketa egiteko lehiaketa publikoa. Dena den, "arazo teknikoak" medio, bertan behera utzi zuten deialdi hori. Bigarren deialdi bat egin ostean, hilabete honetan esan diete Putzuzuloko kideei "aurkeztu den eraikin bakarrak baldintza tekniko guztiak betetzen dituela ebatzi" duela lehiaketa publikoko kontratazio mahaiak; hortaz, badirudi udalak aurrera egingo duela Hegoalde eremuko eraikin horren erosketarekin. Zein eraikin den ere argitara atera zuten atzo Gaztetxeko kideek: GLK (Gelako) Altzariak pabiloia izandakoa. Putzuzuloko asanbladak esan du, gainera, "Gaztetxea birkokatzeko ontzat" eman duela espazio hori.

Baldintzak, zehaztear

"Erabaki horrekin ez da ezer amaitzen", azpimarratu dute, hala ere, gazteek. Izan ere, "udalak eraikin bat erosi arren", Gaztetxeko kideek diote "erabakitzeke daudela oraindik udalaren eta Putzuzulo Kultur Elkartearen arteko hitzarmen berriak jasoko dituen baldintzak". Lizundia fabrika okupatu eta urtebetera, 2006an, hitzarmen bat sinatu zuten Putzuzuloko kideek eta udalak. Han jasotzen zen "espazio hori, gazteek autokudeatuta, jarduera soziokulturaletarako utziko" ziela udalak, "udalarekiko 'mendekotasunik eza' nabarmenduta". 2013ra arte egon zen indarrean hitzarmen hori.

Orain, ikusteke dago zehazki zein baldintza jasoko dituen udalaren eta Putzuzuloren arteko hitzarmen berriak. Gaztetxeko kideek ezinbestekotzat jo dute "Putzuzulo den eraikina okupatu zenetik lortu diren baldintza berdinak" lortzea "etorkizuneko gaztetxerako ere"; besteak beste, Gaztetxeko asanbladak izatea "espazioaren erabileraren eta kudeaketaren gaineko erabakimen osoa".

Hitzarmen berriari dagokionez, beraz, atzoko agerraldian bi eskakizun nagusi egin zizkioten udalari Putzuzuloko kideek:

  • "Lagapen berri baten bidez, Gelako pabiloiaren erabilera eta kudeaketa Putzuzulo Kultur Elkartearen esku uztea" eta gunearen gaineko "erabakimen osoa" Putzuzuloko asanbladak izatea.
  • "Bermeak", "etorkizunean ere Zarautzen Gaztetxe bat egon dadin", hau da, etorkizunean ere "jarduera politiko nahiz soziokulturalak egiten jarraitzeko" espazio bat egon dadin. "Putzuzulorekin gertatu den bezala, aurrerago Gelako pabiloia eraitsiko balute, Gaztetxea birkokatzeko beste espazio bat bermatu beharko luke udalak, baldintza berdinetan", irizten diote gazteek.

Bigarren eskaera horri egin zioten azpimarra Gaztetxeko kideek: "Ez gara gaur egungo Gaztetxeaz edo gaur egun bertan gaudenoz bakarrik ari. Zarautzek Gaztetxe bat epe luzean ziurtatuta izan dezan, eta datozen belaunaldiek ere elkartzeko, antolatzeko eta lan politiko eta kulturala egiteko aterpe bat izan dezaten bermatu nahi dugu. Zarauzko gazte belaunaldiek ere horretarako toki bat izan dezaten ari gara lanean".

Atzoko agerraldiaren bideoa, hemen: