Iñaki Peñaren filmarekin emango diote hasiera Mendi Film zikloari

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 12a, 12:30

Mendian Hil, Hirian Hil dokumentalaz gain, Out of the Blue ere emango dute bihar arratsaldean, 19:00etan hasita, Modelo aretoan.

Mendi Tour ekimenaren barruan,  Mendi Film jaialdiko zazpi lan ikusteko aukera izango da bihartik hasi eta hurrengo hiru ostegunetan, Modelo aretoan, Mendi Tour ekimenaren barruan. Pagoeta Mendizale Elkarteak jakinarazi duenez, maiatzean zehar antolatu dituzten film dokumental emanaldiez gain, ekainaren 3rako Mundu bat motxilan, Alex Txikonen menditazioak liburuaren aurkezpena eta ikus-entzunekoa eskainiko dute, eta Txikon bera izango da herrian. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira, Modelo aretoan, eta sarrerek bost euro balioko dute saioko.

Zikloko lehen egunean, bihar arratsaldean, bi film emango dituzte: alde batetik, 2020ko Mendi Film jaialdian Epaimahaiaren Aipamena Berezia jaso zuen Out of the Blue eta, bestetik, 2020ko Mendi Filmean Euskarazko Film Onena izendatu zuten Mendian Hil, Hirian Hil lana. Azken ikus-entzunezko horren zuzendari eta gidoilari lanetan aritu da Zarauzko bizilagun Iñaki Peña. Heriotzaren eta doluaren gaia abordatzen duen bere hirugarren dokumentala da, kasu honetan, mendian kokatua eta haren biran hausnartua. HITZAri eskaini zion elkarrizketan adierazi zuenez, «zortzi testigantza batu ditugu eta heriotzaren gaia zentratzen dugu mendian, baina lotura egiten dugu hiriarekin ere». Collage gisa definitu zuen filmaren egitura.

Montaz-Rosset estudioaren eskutik dator Out of the Blue lan ikusgarria. Bertan, bi akrobata gazteren erakustaldiak izango dira ardatz Suitzako Oberlandeko mendi gailurretan. Highline, akroyoga, spacenet, aireko oihal bertikalak, parapente… Era guztietako osagaiak biltzen dituen odisea bertikala.