Aranburu laugarren txandara igaro da eta Erostarbek bigarren aukera jokatu beharko du

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 1a, 19:05

Txaponaren bi aldeak izaten ari dira une honetan Zarauzko surflarientzat. Bati gauzak ongi ateratzen ari zaizkio, eta besteak ez dio nahi bezalako hasiera eman lehiari. Munduko Txapelketa jokatzen ari dira El Salvadorren, eta asko dute jokoan: Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela.

Aritz Aranburuk fin-fin ekin dio surfean txapelketan hasi denetik. Hiru txanda jokatu ditu, eta hirurak lehen postuan bukatu ditu nagusitasunez, bere surf egiteko modua erakutsita. Hirugarrena gaur arratsaldean jokatu du, eta orain arteko bere puntuazio ona lortu du: 13.67 (6.00 eta 7.67).  Berekin batera uretaratu dira Joan Duru frantsesa, Bryan Perez salvadortarra eta Oney Anwar indonesiarra. Laugarren txandan, berriz, ondorengo bi surflari hauek izango ditu aurkari Aranburuk: Vasco Ribeiro portugaldarra eta Ketut Agus Aditya Putra indonesiarra.

Nadia Erostarbek ez dio hasiera ona eman Munduko Txapelketari. Lehen txandan hirugarren bukatu zuen 6.93ko (3.33 eta 3.60) puntuazio xumearekin, eta zuzenean repechage edo bigarren aukerako kanporaketara bideratu da bere egoera, txapelketan aurrera egin nahi baldin badu. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean izango du lehia, 20:00etatik aurrera, eta Mima Boelsma herbeherearra, Barbara Sandoval guatemalarra eta Tatiana Dudova errusiarra izango ditu lehiakide.