Gutuna

III. Play-Eruak txapelketaren eskertza

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 13:30
Asteburuko Play-Eruak txapelketako partida baten irudia. (Onintza Lete Arrieta)

Plaieroetako antolakuntza taldeak ondorengo eskertze gutuna helarazi du asteburuan jokatu den Play-Eruak gazteen hondartza futbol txapelketaren inguruan.

III. Play-Eruak txapelketa bukatu berri dela, antolakuntzan aritu garenok gure esker ona adierazi nahi diogu bidean lagun izan ditugun horiei guztiei. Asteburu borobila bizitzeko aukera izan dugu. Inoizko parte hartzerik handienarekin, denera 572 gazte izan genituen hondartzan. Aurtengoan ere helbururik nagusiena betetzea lortu dugu : DBHko neska-mutilei, urtean behin bada ere, plaieroetan jokatuz gozatzeko aukera eskaintzea. Eta ederki gozatu dutela uste dugu. Elkartasuna lantzea ere zen gure asmoa, eta ehunka produktu bildu ziren jada Zarauzko elikagai bankura eraman ditugunak.

Txapelketa hau posible egin duten horien zerrenda luzea bada ere, ezin ditugu aipatu gabe utzi, lehenik, txapelketako parte hartzaile guztiak, jarrera bikaina izan baitute asteburu osoan zehar. Txapelketaren babesle izan diren herriko taberna zein surf eskolak, Ikastetxeetako kirol koordinatzaileak, Udala eta Kirol Elkartea, kartel egilea, Ondartza eta Galtxagorri elkarteak, Zelai-Ondoko komisioa, Arraio irratiko lagunak noski, eta azkenik, eta bereziki, epaile zein bestelako lanetan aritu diren boluntario guztiak, lan isil baina ezinbestekoan. Beraiek gabe txapelketa hau ezinezkoa litzateke, beraz jarrai dezagun elkarlanean, emaitzak merezi du eta.

Eta antolakuntzaren aldetik, bide beretik aurrera egiteko konpromisoa, egin beharreko hobekuntzak eginez eta hurrengo txapelketaren ere aurreko hiruetan lortu duguna egonkortzeko itxaropenarekin. Datorren urtera arte!