Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Senaturako bozetan EAJko hautagaiek lortu dute boto gehien Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 24a, 10:54

Herritarrak botoa emateko ilaran atzo goizean Orokietan. (Onintza Lete Arrieta)

Espainiako Kongresurako EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena atzo, baina Senaturako, EAJko Luke Uribe-Etxebarria eta Mertxe Garmendia izan ziren bozkatuenak. Horien ondotik, EH Bilduko Gorka Elejabarrietak eta Olaia Duartek lortu zuten boto gehien.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ziren atzo, Kongresua eta Senatua berritzeko. Kongresurako EH Bilduk lortu zuen boto gehien Zarautzen, EAJrekiko soilik 51 botoren aldeagatik, baina Senaturako bozetan EAJren zerrendako hautagaiek jaso zuten babes handiena.

Kongresurako hauteskundeetan alderdia hautatzen dute herritarrek, baina Senaturakoan, aurkeztu diren hautagai zerrendetatik alderdi bereko edo desberdinetako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahal izaten dituzte herritarrek.

Zarautzen, EAJko Luke Uribe-Etxebarriak (4.384 boto), eta Mertxe Garmendiak (4.291 boto) eskuratu zuten boto gehien, eta horien ondotik, EH Bilduko Gorka Elejabarrietak (4.248 boto) eta Olaia Duartek (4.213 boto. 

Ondoren, EAJko Rafa Uribarren (4.174) eta EH Bilduko Mari Zubiaga (4.074) gelditu ziren.

Zerrendan hurrengo bozkatuenak PSE-EEkoak izan ziren: Izaskun Gomez (2.189), Oscar Valbuena (2.054) eta Ana Priede (2.047).

Hemen ikus daitezke emaitza guztiak.