SKAPAko jaiak 2023

"Hamabost urte daramatzagu marmitako txapelketan parte hartzen batere hutsik egin gabe"

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 13a, 10:31

Marmitako txapelketako kuadrilla beteranoa, atzo goizean Plaza Gorrian. (Onintza Lete Arrieta)

SKAPAko jaietako marmitako txapelketa Ainhoa Olaizola eta Joseba Mokoroaren taldeak irabazi du aurtengoan, baina hogeita hamar taldeen artean bazen bat urtero-urtero parte hartzen duena, eta behin baino gehiagotan txapelketa irabazi izan duena: Bartolo Iribar, Koldobike Muniain, Jabi Urbieta, Eugenio Usarralde, Ana Eguren eta Karmele Telleriaren taldea. Haiekin izan zen Hitza atzo goizean.

Aurten hamar urte dira Patxi Iruretagoiena auzotarra zendu zela, eta horregatik, SKAPAko jaietan bere izena daraman marmitako txapelketak ere hamargarren urtea izan du aurtengoa; txapelketa, ordea, dezentez lehenagotik egiten da. Hala baieztatu dute lehiaketako beteranoetako batzuek: Bartolo Iribarrek, Jabi Urbietak, Eugenio Usarraldek, Koldobike Muniainek, Karmele Telleriak eta Ana Egurenek. "Hamabost urte daramatzagu marmitako txapelketan parte hartzen batere hutsik egin gabe".

Aurreneko aldiz parte hartzerako marmitakoa prestatzen esperientzia bazutela azaldu dute, eta jana beti ondo atera izan zaiela uste dute.

Atzo, festetako azken egunean, egin zuten aurtengo txapelketa, eta lehia Ainhoa Olaizola eta Joseba Mokoroaren taldeak irabazi zuen arren, beteranoek ere behin baino gehiagotan jantzia dute txapela. Antolatzaileek denei osagai berak eta kantitate bera ematen diete, baita arrain salda ere. Partaide guztiek genero bera erabiltzen dutenez, beterano kuadrillak uste du sekretu bakarra "lana umore onarekin eta mimoz egitea" dela. "Ez dauka beste misteriorik".

Etxetik ezin izaten da ezer eginda eraman txapelketara, baina osagai sekreturen bat eramatea egoten da, eta horrek ere aldea eragin dezakeela uste dute. Gehiago ez dute kontatu nahi izan, bada ez bada.

Esan beharrik ez dago hegaluzea azken-azken unera arte ez dela lapikoan sartu behar, baina atzokoan ere izan zen itxaronaldia ezin aguantatu eta azkartxo ibili zenik. Beteranoek ondo eutsi zioten tentazioari. 10:30etik lapikoa sutan izan zuten 14:00 ondo pasa arte. "Bitartean hamaiketakoa egiteko denbora izaten da, eta goizaz gozatzekoa".

Aurten eztanda

Txapelketaren helburua zein den argi du kuadrillak: parte hartzea eta marmitako ona egitea, "gero 500 lagunek jan behar baitute hori". Norberak egindako marmitakoa probatzeko aukera izaten dute partaideek, baina gainerako kazolakada guztia herri bazkarirako izaten da, eta norberak besteena jan behar izaten du normalean. "Batzuetan marmitako ona jaten duzu, eta beste batzuetan, ez hain ona", esan dute irribarretsu. "Denetarik dago, eta eskertzen da parte hartzeko gogo hori izatea jendeak, nahiz eta gero ez egin hain marmitako ona. Orokorrean, ordea, nahiko maila polita dago", kontatu dute. 

Hamabost urtean, ezagutu dituzte aurtengoa baino parte hartze apalagoak marmitako txapelketan. "Aurten eztanda antzeko bat egin du. Herri bazkarirako izen ematea berehala bete zen, eta marmitakoarentzat izena emateko tokia ere pare bat ordutan amaitu zen. Jendea bereziki gogoz dago aurten, eta batzuk kanpoan gelditu dira".

"Jendea festa hauetara gustura etortzen den seinale da", gaineratu dute.

Erlazionatuak