Alkateak herriko berri sare sozialen bidez ematea kritikatu du EH Bilduk

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 5a, 14:00
ABBA Hoteles kateak proeiktua garatu nahi du IƱurritzan. (Zarauzko Udala)

Oposizioko taldeak "bide ofizialak" erabiltzeko eskatu dio Xabier Txurrukari "ez delako zilegi herritar guztien intereseko albisteak kontu pertsonala erabiltzea". Halaber, salatu du hainbat herritarrek ez dutela sarbiderik berri horietara hark "blokeatuta dituelako".

Zarauzko EH Bildu kritiko agertu da Xabier Txurruka alkatearekin "herritar guztien intereseko albisteak haren Facebook kontuan publikatzen dituelako". Zentzu horretan, oposizioko alderdiak salatu du, alkateak bide horretatik jakinarazi zuela atzo bertan ABBA Hoteles kateak Zarautzen hotel bat eraikitzeko lizentzia eskatu duela. Zehazki, Iñurritzan suitehotela eraikitzeko lizentzia eskatu dutela argitu du Txurrukak bere Facebookean.

EH Bilduk gogoratu du, gainera, saltokiak eraikitzeko Lidl eta Mercadonari emandako lizentzien berria edota Jose Angel Iribar seme kutun izendatzeko asmoa ere Facebook bidez jakinarazi zituela alkateak. Koalizio abertzalearen esanetan, praktika horrek "herritarren informazio eskubidea urratzen du hainbat zarauztar blokeatuta dituelako, eta, ondorioz, albiste horietarako sarbiderik gabe uzten dituelako". Are gehiago ere salatu du: "Praktika honek alkatearentzako Zarautzen bi mailako herritarrak ditugula adierazten du, informazioa jasotzeko eskubidea dutenak eta eskubide hori mugatua dutenak". Ildo beretik, azpimarratu du "Zarauzko alkatea zarauztar guztien alkatea" dela. "Horregatik, ez da zilegi herritar guztien intereseko albisteak haren Facebook kontuan jartzea beste inon baino lehen", adierazi du irmo.

Hori horrela, EH Bilduren udal taldeak Txurrukari eskatu dio "bide ofizialak" erabili ditzala herriko kontuei buruz informatzeko: "Alkateari eskatu nahi diogu aipatutako jokaera horri amaiera eman eta udal albisteak bide ofizialetatik ezagutarazteko, Facebook kontua pertsonala izan arren, pertsonalak ez diren albisteak emateko iturri nagusi bezala erabiltzeari uzteko". Horren harira, oposizioko taldeak gogoratu du Zarauzko Udalak badituela web orria eta sare sozialetako kontu ofizialak.

Koalizioak adierazi du, era berean, "ulertzen" duela "udalean gertatzen direnak bere kontutik ere publikatu eta komentatu nahi izatea, alkatea den heinean". Hori, ordea, "bide ofizialetik publikatu ondoren izan beharko lukeela" azpimarratu du, beste behin.