Hamahiru lehiakide eta giro paregabea Txuleta Festa Banderaren lehian

Urtzi Oteiza eta Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 17a, 15:13

11:00etan hasi da herriko elkarte gastronomikoen arteko lehia, taldekide batzuk parrillan txuleta erretzen zuten bitartean besteek ergometroan 1.000 metro eginez. Aurten, herriko bertsolariak aritu dira esatari ergometrokoen lana kontatuz, ekitaldiari umore dosia eskainiz. Hitzak esku bete lanekin harrapatu ditu partaideak, antolatzaileak, boluntarioak nahiz epaimahaikideak.

Txuleta Festa Bandera jokatu dute Zarauzko hamahiru elkarte gastronomikok gaur eguerdian Munoa plazako karpan, eta giro aparta sortu da txapelketaren bueltan. Hiruna kide izan dituzte taldeek: bik txuleta erretzen zuten bitartean, hirugarrenak ergometroan 1.000 metro arraun egin behar zituen. Ez alferrik, Zarautz Arraun Elkarteak antolatzen duen txapelketa da –iaz izan zen aurreneko urtea–, eta arraunarekin lotutako saiorik ezin zen falta.

Lanean hasi aurretik harrapatu ditu Hitzak Itxas-Mendi elkarteko eta Batzokiko kideak, baita Axi Muniain surflaria ere; epaimahaikide aritu da azken hori, txuletak dastatuz. Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko presidentearen eta barraren atzean lanean ari ziren arraunlarien iritziak ere bildu ditu, baita atzo Maestro Parrillero txapelketan parte hartu zuen Gotzon Iruretagoienarekin ere.

Iaz ez bezala, aurtengoan herriko bertsolariak aritu dira ergometroan ari zirenei bultzada ematen beren umore ukituarekin: Andoni Egaña, Julen Zulaika, Mantxi, Hodei Iruretagoiena, Amets Aizpurua, Danel Olano, Manu Goigana, Markel Eizagirre eta Ane Peñagarikano aritu dira.

Lehian, berriz, honako hamahiru elkarte ibili direa: Carballeira, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Batzokia, Gurpil, Cachi Bachi, Itxas-Mendi, EA, Iñurritza, Urteta, Kayua, Arkaitzmendi eta Galeperra.

Azkenean, Batzokiak eraman du bandera. 

 

Atzoko txapela, Burgosera

Gaur txapelketa herrikoia jokatu da Munoan, eta atzo, berriz, penintsula osotik bertaratutako parrillero profesionalen lehia: Maestro Parrillero txapelketa.

Goizean hasi, eta iluntzera arte txapelketako parrillak piztuta eduki zituzten, 42 partaide aritu baitziren nor baino nor. Azkenean, garaipena Burgosera (Gaztela eta Leon, Espainia) joan zen, eta Guillermo Martinezek jantzi zuen txapela.