Batzokiko lehiakide gazteek eskuratu dute Txuleta Festa Bandera

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 17a, 18:00

Arkaitzmendi elkartekoengandik jaso dute bandera, eta urtebetez edukiko dute; hurrengo urteko txapelketan, garaile berriei eman beharko diete.

Carballeira, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Batzokia, Gurpil, Cachi Bachi, Itxas-Mendi, EA, Iñurritza, Urteta, Kayua, Arkaitzmendi eta Galeperra elkarteek parte hartu dute Zarautz Arraun Elkarteak bigarrenez antolatu duen Txuleta Festa Banderaren lehian, eta kontuan hartuta ergometroko denborak eta epaimahaikideek txuleta bakoitzari eman dioten puntuazioa, Batzokiak eskuratu du bandera. Hiru lehiakide gaztek lortu dute guztien artean gailentzea –goizean Hitzak elkarrizketatu ditu bideo honetan, txapelketa hasi aurretik–, eta pozarren astindu dute bandera.

Arkaitzmendikoek eman diete bandera; horiek izan ziren irabazleak iaz, eta urtebetez elkartean eduki dute trapu preziatua. Batzokikoek ere urtebeterako eskuratu dute bandera.

Bigarren Urpekoak elkartea gelditu da, eta hirugarren, berriz, Galeperra.

Sariak banatzen Jon Artola ZAEko presidentea, Leire Arana Kirol zinegotzia eta Jose Luis Gesalaga, ZAEko babesle den Gesalaga-Okelaneko ordezkaria aritu dira. Hirurek eskertu dute boluntarioen lana, eta Artolak eta Gesalagak baita udalak eskainitako babesa ere. Aranak, berriz, eskerrak eman dizkie antolatzaileei halako ekitaldi bat egitearren herrian: "Halako egitasmoek ikusgarritasuna ematen diote arraunari, eta azpimarratzekoa da hori. Gainera, gure gastronomiaren ezaugarri garrantzitsua da txuleta, eta ekitaldi honek gure izaera hori erakusten du". Herriko taldeen parte hartzea ere aipatu ditu Aranak; bertsolariak, erraldoiak eta elkarte gastronomikoak.

Goiz-eguerdi partean lehiaketaren inguruan bildu da jendea, eta hori amaitutakoan, berriz, bete egin dira karpako mahaiak, lagun artean txuleta jana egiteko.