Aitzakiak utzi eta Astiko aisigunea gauzatzeko eskatzen diogu EAJri

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko eka. 13a, 10:57

Astiko aisialdi egitasmoaren inguruan, oinarririk gabeko akusazio larriak egin ordez, adostasunetara iristeko borondatea jar dezala eskatzen diogu EAJk gidatzen duen Udal gobernuari.

Astin aisialdi, ingurumen eta kultur ekimenak eskainiko dituen egitasmoa ez gauzatzearekin tematu da EAJ eta, hori justifikatzeko, aurreko legealdiko Udal gobernuaren aurka akusazio larriak bota ditu prentsan. Asti ingurua ezagutzen duenak jakingo du zein den eremu horren egoera. Azken urteetan guztiz degradatua dago, altzariak eta parrilak mantenimendurik gabe, komun publikoa egoera kaskarrean eta udako erabilerarekin soilik, egurrezko kantina hondatuta, mini-golfa urte luzez geldirik... Eremua berpizteko helburuarekin ekin zion lanari aurreko Udal gobernuak: Merendero izaera mantenduz bertako mobiliario eta parrillak eraberritu eta urte osoko mantenua bermatu; urte osoan erabilgarriak izango diren komun publiko egokiak sortu; kontzesio bidez kudeatuko den, udal jabegoa izango duen eta urte osoan zerbitzua eskainiko duen kafetegi/jatetxe egokia sortu; aisi gunea egokitu (tirolina parkea, mini-golfa...)... Honetaz guztiaz gain, aurkeztutako eskaintzak ingurumen eta kultur ekintzak bultzatzea proposatzen du eta lotura zuzena izango luke etorkizun laburrean bultzatu nahi den Eraztun berde-urdinaren egitasmoarekin.

Hau guztia gauzatzeko, aurreko gobernuak eskatu zitzaizkion pauso guztiak bete zituen. Beharrezko txosten guztiak eskatu zituen eta egitasmoa aurrera ateratzeko prozedura agindu bezala bete zen: Zarauzko Udaleko Hirigintzak, Herrilanek, Kontuhartzailetzak, Idazkaritzak eta Kontratazio Mahaiak gai honen inguruko txostenak egin zituzten eta, nahi dituenak, eskuragarri ditu.

Hala ere, oposizioak gogor egin zuen egitasmoaren aurka eta orain, gobernu aldaketa egon denean eta erabilitako argudio haiek ez direla defendagarriak konturatu direnean, Plan Berezi baten beharra argudiatu dute eta oinarririk gabeko akusazio larriak erabili dituzte EH Bilduren aurka. EAJak prentsan eta esleipendun enpresarekin hitz egin gabe egin dituen akusazio larrien inguruan, zenbait azalpen egin nahi ditugu:

Negligentzia edo arduragabekeria: prozedura osoa departamentu ezberdinetako udal langileekin batera egin zela kontuan izanik, akusazio hori ez doa EH Bilduri bakarrik zuzenduta, bertan parte hartu zuten teknikari guztiengana baizik. Uste dugu errespetu gehiago merezi dutela, Udalean lanean jarraitzen duten teknikariak dira gainera.

“Pelotazoa” edo dirua azkar eta ugari lortzeko legez kanpoko negozioa: EH Bilduk ez du onartuko EAJak edozein gauza esatea etekin politiko bat lortzeko. Akusazio horiek egiteko frogaren bat baldin badute, jo dezatela epaitegietara. Ez da lehenengo aldia EAJak joku zikin hau erabiltzen duela. Udal hauteskundeen atarian ere antzeko salaketa bat egin zuen TAO-ren gaia epaitegietara eramanez eta gobernua osatu zutenean salaketa erretiratu egin zuten. Garbi ikusten da zein helburu duten oinarririk gabeko salaketa horiek.

Pribatizazioa: guztiz kontrakoa gertatzen da. Egitasmo hau burutzeko diru pribatua inbertituko da eta azpiegitura udal jabetzakoa izatera pasako da. Non dago pribatizazioa?

Akusazioak argituta, berriro ere elkarlanean jarraitzeko borondatea azpimarratu nahi du EH Bilduk. Lehen eskatu ez bazitzaigun ere, orain Plan Berezi baten beharra baldin badago, prozedura horretan ez dugu eragozpenik jarriko eta egin beharreko ekarpenak egingo ditugu. Hala ere, behar honek zalantzak pizten dizkigu. Orain arte bere argudiaketa “pribatizazioan” oinarritu duen EAJak, zer dela-eta orain aldaketa hau? Kontzesioa izanik, argi dago argudio horrek pisua galdu duela. Ondoren, kafetegiaren azalera handiegia dela esan dute, baina bide horretatik ere ezin izan dute proiektua bertan behera utzi.

Puntu honetara iritsita, EH Bilduk zenbait galdera luzatu nahi dizkio EAJri: Egitasmo hau burutzeko ba al duzue borondate politikorik? Adostasunetara iristeko borondaterik baldin badago, zergatik mantendu hain jarrera inposatzailea -alkateak ez du hatz bakar bat ere mugitu elkarrizketetan- esleipendun enpresarekin? Ondoan egitera zoazten errugbi aldagelen proiektuan nahi beste azalera aldaketa egin badira, zergatik hemen ez? Aitzakiak utzi eta egitasmoari adostasunetara iristeko borondatearekin eutsi diezaiola eskatzen diogu EAJri, onuradunak guztiok izango garelako: herritarrak, kanpotik datozen bisitariak, egitasmoaren sustatzaile zarauztarrak eta Zarauzko Udala bera.