Plan Berezia idatziko dute Astiko aisialdi guneko eraikina bideratzeko

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 17a, 13:40
Astiko aisialdi gunea (Aritz Mutiozabal).

Udal Gobernuak hartutako erabakia "beharrezkoa" dela dio Xabier Txurruka alkateak, proiektua "mugituarazteko eta abian jartzeko".

Udal Gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) Plan Berezi baten beharra aztertzeko eskatu die hirigintzako udal teknikariei, Astiko aisialdi guneko eraikinaren proiektua bideratu ahal izateko. Ekainaren 6ko Tokiko Gobernu Batzordean hartu zuen erabakia. "Uste dugu Plan Berezia idaztea nahitanahiezkoa dela, EH Bilduko aurreko agintaldian hartutako erabaki okerrak bideratzeko behar-beharrezkoa", adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Aurreko astean EH Bilduk eskatu zion Udal Gobernuari Astiko proiektua exekutatzen hasteko. "Gure borondatea ona da, baina teknikoki ezinezkoa", erantzun du Txurrukak, "lehiaketa irabazi zuen proiektuak ez dituelako betetzen Plan Orokorreko izapideak. Nahi izango bagenu ere, ezin izango genioke lizentzia eman". Izan ere, edozein ekipamenduren eraikigarritasuna %10a baino gehiago hazten baldin bada, Plan Berezi bat idatzi behar dela dio Plan Orokorrak. Lehiaketa irabazi zuen enpresak proposatutako eraikinak pleguetan jasotako neurriak «bikoiztu» egin zituen, eta "hori justifikatzeko ez zuten Plan Berezirik idatzi".

Aurreko Udal Gobernuaren (EH Bildu) "kudeaketa arduragabearen ondorioz" hartutako erabakiek proiektua "ez aurrera eta ez atzera." utzi dutela dio alkateak, eta "orain guri dagokigu hankasartze horiek zuzentzea". "Hori mugituarazteko eta abian jartzeko gure ustez beharrezkoa da Plan Berezia idaztea. Plan Berezi horretan zehaztuko litzateke partzela horren ezaugarriak eta fitxa urbanistikoa".

 

Hasiera onespena, udalbatzarretik

Tokiko Gobernu Batzordeak Plan Bereziari hasierako onespena emateko eskumena duen arren, udalbatzarrera eraman nahi dute; batetik, "gaiak nahikoa mami duelako eta polemika sortu duelako", eta bestetik, "alderdi guztiek beren argudioak defendatzeko aukera izan dezaten publikoki". Uztaileko udalbatzarrera iristen ez bada, irailekoan eztabaidatuko dute. Irailean onartuko balitz, urrian jendaurrean erakutsiko lukete, "interesdun guztiak beren iritziak eman eta zehaztasunak egin ditzaten, aurreko agitaldian izan ez bezala". Alkatearen aurreikuspenen arabera, Plan Berezia urte amaieran onartukolitzateke behin betikoz.

Plan Berezia onartzeak lehiaketako enpresa irabazlearekin "negoziatzeko oinarri finko bat" zehaztuko du, eta "horretara moldatu beharko dute proiektua". Txurrukaren esanetan: "Enpresak pleguetara eta fitxa urbanistiko berrira moldatzeko borondatea agertzen badu, hurrengo udako martxan egoteko aukera egongo litzateke kantina eta jatetxe berria".

Bestalde, EH Bilduk eskaini dien "elkarlanerako jarrrera eta borondatea" eskertu nahi izan du Udal Gobernuak, "baina lastima da hau duela urtebete gertatu ez izana". Alkateak gogora ekarri du duela urtebete EH Bilduren gobernuak oposizioarekin izan zuen jarrera ez zela hori izan, eta, PPren babesarekin, "Plan Orokorraren gainetik" pleguak onartu zituela. "Lastima da udal hauteskundeak baino hamabi egun aurretik kontratua sinatu izana".