«Ez dut erabakirik hartu nahi azken unera arte»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urr. 27a, 09:55
Haimar Zubeldia txirrindularia (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Aurtengo denboraldiaz eta datorrenaz aritu da Haimar Zubeldia txirrindularia. Hurrengo urtean tropelako beteranoa izango da, gainera. "Zaindu eta gauzak ongi eginez gero, nik uste dut gorputzak errendimendua baduela 40 urterekin ere".

Markel Irizarrekin beti izan duzu feeling ona, txirrindularitzari dagokionez eta baita hortik kanpo ere. Talde berean zaudete, Trek-Segafredon. Orain atseden hartzea tokatzen zaizue, ezta?
Bai, urriaren 1ean amaitu nuen nik denboraldia, Markelek lehenxeago, Espainiako Itzulian erorketa bat izan zuelako. Lau astez atsedena hartu eta gero, berriz ere martxan hasiko gara laster. Izan ere, abenduan izaten dugu lehenbiziko kontzentrazioa, urtarrilean bigarrengoa eta harago, batzuk hilabete horretan bertan hasten dira lehian.

Eta zer moduz joan da aurreko denboraldia? Nola baloratuko zenuke?
Ni nahiko zapore onarekin geratu naiz. Beti gustatzen da irabaztea, baina balorazio ona egiten dut, taldean dudan roll-a kontuan izanda.

Urtean zehar ez dut izan lesiorik eta gustura geratu naiz. Garaipena falta izan da, baina lan ona egin dugula uste dut. Pozik nago.

Garaipenik ez, baina lan ona egin duzu.
Kasik nire nabarmentzeak utzita dauzkat, adinarekin ikusten dudalako ezin direla gauza batzuk lortu. Baina, taldekideen mesedetan ere badaukazu lan egitea.

Hori gertatu da, esaterako, Tourrean. Hori gertatu zen Bauke Mollenarekin. Azken egunetara arte bigarren postuan ibili zen, erorketa izan aurretik. Baina, bere ondoan egon nintzen egon behar nuen unean, bereziki, mendian.

Gero, Donostiako 36. Klasikoa irabazi zuen, eta ni ere hor aurrean ibili nintzen. Donostiako Klasikoa beti da polita, hurbil dugun lasterketa da, etxekoa, Euskal Herriko Itzuliarekin batera.

Horrez gain, Espainiako Itzulian ere ongi ibili naiz, etapak bilatzen eta ihesaldietan. Orokorrean gustura geratu naiz, egia esan.

Adina aipatu duzu. Taldeko beteranoena zara, ezta? Hala ere, sasoian zaude.
Bai, datorren urtean beteko ditut 40 urte, taldeko zaharrena naiz. Sasoikoago egon naiz egia esan; orain ikusten dut gorputza ez dagoela 20-25 urte nitunean bezala. Baina beno, adin honetan norberaren gorputza gehiago ezagutzen da, erresistentzia gehiago izaten da... Zaindu eta gauzak ongi eginez gero, nik uste dut gorputzak errendimendua baduela 40 urterekin ere.

Badakit ez ditudala urte asko aurretik; agian hau izango da azkenengoa. Baina, momentuz gozatzen ari naiz, gustatzen zaidan zerbait ari naiz egiten, eta aurrera jarraituko dut.  Orain, beste aukera bat dugu aurrean, eta ahal dugun ondoen egingo dugu lan.

Trek- Segafredo taldearekin kontratua berritu duzu denboraldi berrirako. Zeintzuk dira dituzun helburuak?
Bai, hori da, zerbait ongi egin dugun seinale. Denboraldi honetarako jarri ditudan helburuak berdintsuak dira. Esan bezala, agian nire azken urtea izango da. 20 urte daramatzat profesional mailan lehian. Hasi nintzenean, ez nuen pentsatu ere egin hainbeste urte egingo nituenik maila horretan.

Baina denbora azkar pasatzen da eta  hori ere seinale da dena ongi joan dela. Arazorik ez dut eduki orokorrean. Lesioak-eta izan ditut, une gogorrak ere bai... Baina gozatu egin dut.

Bi hamarkaden ondoren, agian profesional gisa zure azken urtea izan daitekeela diozu. Pentsatu al duzu amaieran?
Orain, momentu honetara iritsita,  ikusten duzu gazteagoak indartsu datozela eta noiz izan daitekeen uzteko momentua. Baina, orain ez dut horretan pentsatu ere egin  nahi. Ez dut pentsatu nahi  azken urtea izan daitekeenik ere. Unea iritsi arte ez dut erabakirik hartuko. Beti esan izan dudan moduan, ez dut erabakirik hartu nahi urtebeteko aurrerapenarekin.

Gustatuko litzaidake bi hilabete-edo lehenago erabakitzea erretiratu ala ez. Taldearekin ere hitz egin dut dagoeneko horretaz guztiaz, eta ongi iruditu zaie.
Azken finean, ez dut erabakirik hartu nahi, guztia eman nahi dudalako azken unera arte. Ez dut utzikerian erori nahi; bukaerara arte nire burua %100ean egotea nahi dut.