Zientzialari gazteentzako plaza

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 6a, 18:45
Andoni Aizpurua azalpenak ematen iazko Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldian. zarautzon

ZarautzOn elkartearen eskutik, herriko lau gaztek beren proiektuak aurkeztuko dituzte bihar (azaroak 7) Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldian; Antoniano aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearekin bat eginik, ZarautzOn elkarteak IV. Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia antolatu du astearte arratsalderako. Zientzia eta teknologia alorreko ikasle nahiz adituak diren herriko lau gazte gonbidatu dituzte, beraien proiektuak jendaurrean aurkez ditzaten: Amaia Isasti, Laura Arregi, Oihana Aranburu eta Iñaki Etxaide.

Horiez gain, Matematikan doktore eta EHUko irakasle Marta Machok agerraldia egingo du, eta Radio Euskadiko La mecanica del caracol saioko arduradun Eva Caballerok aurkeztuko du saioa. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Antoniano aretoan; eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da zarautzon.nirestream.com webgunean.