Disko berriaz gain, beste hainbat proiektu ditu esku artean Zabalak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko abe. 7a, 10:16
Xabier Zabala, estudioan. (Xabier Lertxundi)

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskorako abestiak ari da sortzen, Korrontzirekin Xabier Amurizaren koplak musikatzen eta Pepito Iantziren inguruko ikuskizuna prestatzen.

Brisa bakarkako diskoa kaleratu berri badu ere, Xabier Zabala beste hainbat proiektutan dago murgilduta. Batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin datorren urteko diskoa ari da prestatzen. Bestetik, Korrontzi taldearen disko berrian ere ari da lanean. Zehazki, folk taldea Xabier Amuriza bertsolariaren koplekin lan bat ari da osatzen, eta bertan parte hartuko du zarauztarrak, koplak musikatzen. Datorren urtera begira, Korrontzirekin zein Iruñeako Orkestra Sinfonikoarekin bira batean ere hartuko du parte, eta hainbat moldaketak ari da egiten horretarako ere.

Horrez gain, proiektu «oso polit bat» ere badu esku artean, «ia bideratuta» dagoena. Hain zuzen ere, aurten 100 urte bete dira Pepito Iantzi soinu jotzailea jaio zela, eta urteurren horretarako lanean ari da, Lesakako musika bandarekin batera . «Aitzakia horrekin, hainbat soinu jotzaile bildu ditugu. Era berean, Golden Apple Quartet taldeko kideek Iantziren Los Xey talde famatuko partaideena egingo dute».

Jakinarazi du Iantzik baduela Zarautzekin lotura. Zehazki, Zarautz izeneko arin-arina sortu zuen lesakarrak, eta hori ere prestatu dute ikuskizunerako. Soinu jotzailearen herrian aurkeztuko dute ikuskizuna, datorren abenduaren 30ean.