Xabier Zabala, grabatzen. (Xabier Lertxundi)

Ondoko galdera motzei erantzun die musikariak.

Erreferente bat. «Pertsonalki eta musikalki, beti oso presente daukat nire aita. Bera ere musikaria zen; atabala, txistua eta abar jotzen zituen. Manolo osabak ere soinua jotzen zuen. Nik uste dut alde horretatik datorkidala soinurako zaletasuna. Horiez gain, Manolo Urbieta ere erreferente handia izan da niretzat musika mailan, pedagogia mailan... Egia esan, musikari as-ko ditut aipatzeko. Euskal Herri-an, esaterako, sormen handiko musikari asko dago, hain jende gutxi garela izanda. Horregatik saiatzen naiz denetarik entzuten eta denengandik jasotzen».

Disko bat. «Gladiator filmeko soinu banda, Hans Zimmerrena. Ikaragarria da nola uztartzen dituen musika tresnak Lisa Gerrarden ahotsarekin. Niretzat giltzarria izan zen disko hori».  
 
Zuzeneko bat. «Azkenaldian ez naiz joan kontzertu erraldoietara; normalean, emanaldi txikietara joaten naiz. Baina gogoan dut 13-14 urterekin kuadrillakoekin Miguel Rios ikustera joan nintzela Donostiako Belodromora. Niretzat lehenbiziko kontzertu handia izan zen. Rock and Rios izeneko diskoarekin egindako biraren barruan, hogei kontzertu inguru eman zituen Espainia mailan, eta niretzat izugarria izan zen».

Musika tresna bat. Soinua.

Musika sortzeko tokia eta unea. «Normalean aukera izaten dudanean sortzen dut, baina nire bioerritmoak markatzen du arratsaldean lan egitea, goizetan baino. Tartean gauez ere jarduten dut, azken disko honetarako, esaterako. Eta igartzen da, gainera. Azken boladan, ordea, goizetan egiten dut gehiago lan, eta beti nire estudioan».