Onartu dituzte 2017rako kontuak, oposizioaren babesik gabe

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 4a, 16:30
Herenegun bozkatu zituzten 2017rako udal aurrekontuak (Aritz Mutiozabal).

Atzo bozkatu zituzten Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak. Oposizioak aurkeztutako zuzenketetan «ezer berririk» ez duela ikusi adierazi zuen Udal Gobernuak.

Bi bilkura egin behar izan dituzte 2017rako udal aurrekontuak onartu ahal izateko. Luze joan da eta askorako eman du. Abenduaren 29ko udalbatzarrera eraman zuten aztergaia, baina ez ziren bozkatzera iritsi egun horretan. Oposizioak –bai EH Bilduk bai Irabazi Zarautzek– hainbat zuzenketa aurkeztu zizkion Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako proiektuari, eta gauerdian saioa eten egin behar izan zuten, erregelamendu organikoak hala zehazten duelako. Atzo, urtarrilaren 3an, eman zioten jarraipena udalbatzarrari, eta Udal Gobernuko kideen aldeko botoarekin onartu zuten; oposizioko bi udal taldeek kontra bozkatu zuten.

36.327.273,62 euroko aurrekontua izango du Zarauzko Udalak urte honetarako, eta Udal Gobernuak Agintaldi Planeko eta Etxebizitza Planeko ildo nagusiak izango ardatz. Oro har, aurrekontu «potenteak» direla nabarmendu zuen Aranak: «Ikuspegi soziala izateaz gain, herri garapenarekin konpromisoa dute. Inbertsio garrantzitsuak dira, ongi pentsatutakoak eta herriarengan eragin zuzena izango dutenak».


Zuzenketen haritik

Aurreko asteko bilkuran, Irabazi Zarautzek osoko zuzenketa eta sei zuzenketa partzial aurkeztu zizkion aurrekontuei, eta EH Bilduk hamabi zuzenketa partzial. Baina bat bera ere ez zen aurrera atera. Ondoren, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek elkarrekin 46 zuzenketa partzial aurkeztu zituzten elkarrekin, eta gauerdia bitartean, 36. zuzenketaraino iritsi ziren; zuzenketa bakarra onartu zuten: eraikitako eraikuntza-parkearen aprobetxamendurako kontzientziazio lanerako 2.500 euro bideratzea. Utzitako tokitik heldu zioten atzoko bilkurari, gainerako hamar zuzenketak aurkeztuz eta bozkatuz. Horiei ere ezezkoa eman zieten EAJ eta PSE-EE­ko zinegotziek.

Udal Gobernuko kideek argudiatu zuten oposizioak egindako ekarpenak jasota dituztela, batzuk abian jarrita eta beste batzuk aurrerago egiteko asmoarekin. Aranaren arabera, «ezer berririk ez dute pro­posatzen». Hainbat proiektutan «aurretik» doazela  azpimarratu zuen, eta «zaila da horrelako aurrekontu batzuei zuzenketak egitea».

PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek azaldu zuenez, «udala kudeatu ahal izateko garbi eduki behar dira helburuak, eta modu ordenatuan lan egiteko planifikazio bat egin behar da. Eta hori egin dugu Agintaldiko Plana osatzerakoan». Herria herritarrekin «dinamizatzen» ari direla azaldu zuen.


«Arrabola pasa»

Irabazi Zarautzeko bozeramaileak argi utzi nahi izan zuen Agintaldi Plana ez dela euren plana, eta aurrekontuak ez direla koalizioak aurkeztuko lituzkeenak. Osoko zuzenketa eta zuzkeneta partzialak aurkeztu zituzten, «enpleguan, etxebizitza planean, inbertsioetan eta parte-hartzean borondaterik izan ez duelako». Hori horrela, onartu berri diren aurrekontuekin «zarauztarron arazo nagusienei aurre egiteko aukera galdu» dela iritzi diote.

Oposizioko bi koalizioen ustez, aurrekontuak udal talde guztiekin eta herritar guztiekin eraman beharko lirateke aurrera, eta, zentzu horretan, Udal Gobernuak «arrabola pasatu» duela. «Ez duzue gure adostasunik behar aurrekontuak onartzeko. Ez da beharrezkoa aurrekontuak onartzeko, baina beharrezkoa da herri bat eraikitzeko», azaldu zuen EH Bilduko kide Iñaki Eizagirrek.

2016ko aurrekontu adostasuna izan da 2017ko aurrekontuei ekiteko EH Bilduren abiapuntua. 95 proposamen aurkeztu zituen koalizioak iaz, eta EAJ eta PSE-EErekin akordio batera iritsi ondoren, horietatik 68 proposamen 2016ko aurrekontuetan jaso zituzten. «Akordioa ez da bete, modu batera edo bestera, eta prozedura nahiz jarraipenari dagokionez ere ez da bete», nabarmendu zuen Eizagirrek.

«Uste dugu honen atzean ekimen politiko bat dagoela, eta oposizioarekin lanketa egiteko borondate oso gutxi». Era berean, UKUEn akordio zabala lortu dela gogora ekarri zuen, eta galdetu zuen ea zergatik hori ez den posible izan Zarauzko Udalean, azken bi astetan «bi bilera bakarrik» egin dituztela esanez.


«Jarrera aldaketa»

«EH Bilduk adierazi zuen gobernu honekin kofiantza galdu zuela, eta aurrekontuak negoziatzen hasi baino lehen bi aurrebaldintza ipintzen zituela. Horrelako mezu bat jasotzen duzunean, ezezko bat jasotzen ari zara», erantzun zuen Ogasun zinegotziak. 2016ko aurrekontuek herria «martxan» jarri zutela arrazoitu zuen, hainbat proiektu eta zerbitzu berri abian jarriz. «Lan ilun horren ondorioak 2017an hasiko dira ikusten herritarrak». EH Bilduren 2016ko balorazioak «harritu» egin diela zioen: «Ikusi dugu nolako jarrera aldaketa egon den urte batetik bestera».

Aurrekontuak bozkatu aurretik, Xabier Txurruka alkateak Udal Gobernuak orain arte egindakoaren balantzea egin zuen. «Lanean jarraituko dugu, eta gure proiektuak, herritarren beharrak eta herritarrekiko harremanak elikatzen dituzten Auzoz auzo bezalako programak aurrera eramaten saiatuko gara. Nahi izango genuke zuek ere [oposizioak] horrela ikustea». Onartu berri dituzten aurrekontuei esker, proiektuak gauzatzen joango direla eta oposizioaren zalantzak «argitzen» joango direla gaineratu zuen alkateak.