EH Bilduk salatu du udal gobernua merkatari txikien etorkizuna "iluntzen" ari dela

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 11a, 09:00
Errotaberriko industrialdea. (Jabi Gonzalez Toston)

Koalizio abertzaleak bere iritzia eman nahi izan du Lidl eta Mercadonari pabiloi industrial bana eraikitzeko emandako lizentzien inguruan. "Desadostasuna" erakutsi nahi izateaz gain, "erabakiaren arriskuez" ohartarazi nahi izan dute. 

Zarauzko Udalak joan den asteleheneko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zuen Lidl eta Mercadonari lizentziak ematea pabiloi komertzial bana eraikitzeko, eta horren inguruko iritzia eman du EH Bilduk orain. Taldeak azaldu du alkatearen Facebook kontutik izan dutela albistearen berri, eta "desadostasuna" erakutsi nahi izateaz gain, "erabakiaren arriskuez" ohartarazi nahi izan dute. 

Beraien hitzetan, Zarauzko ekonomia jardueran "zerbitzuen sektorearen gorakada eta industriaren beherakada nabarmena" gertatzen ari da, eta azken erabakiak joera hori "indartuko" duela uste dute. Eta zera gehitu du taldeak: "Oreka bilatu beharrean, EAJ eta PSE-EE Zarautzen industria indartzeari bizkarra eman eta zerbitzuetara soilik bideratutako herri bat bultzatzen ari dira". Gainera, EH Bilduk dio 2023ko irailean Abendaño eta Errotaberri industrialdeetan ostalaritzako establezimenduak baimentzeko hartutako erabakiak norabide hori oraindik eta gehiago indartuko duela.

Industriaren sustapenaz gain, kontsumo ereduari ere erreparatu nahi izan dio EH Bilduk. “Denok prezio lehiakorrak nahi ditugula ulertzen dugu, baina ekonomia epe luzeko begirada batera bideratu nahi badugu politika konkretu batzuk jarri beharko dira martxan", dio Itziar Murua taldeko bozeramaileak. Hori ekoizpenetik hasi, banaketan jarraitu eta kontsumoraino iristen dela defendatu du oposizioko taldeak. "Udalak bertako nekazariak kontuan izango dituen praktika iraunkorrak eta bidezkoak sustatu behar ditu, eta horretarako kontsumo jasangarria eta merkatari txikiak zaindu behar dira", gaineratu dute. Eta garbi utzi dutenez, erabaki honekin, "merkatari txikien etorkizuna iluntzen laguntzen ari da udala".

Mugikortasuna ere ezbaian

Abendaño eta Errotaberrin Lidl eta Mercadona irekitzea "mugikortasun jasangarriaren kontra" ere badoala salatu du EH Bilduk. "Hainbat zarauztar autoz inguruko herrietako saltoki handietara joaten dela eta zarauztar horiek autoa erabiltzea ekidingo duela esan izan du alkateak, Zarautzen jarriko diren saltoki horietako produktuak oinez edo Zarauzko baratzetatik etorriko balira bezala", dio koalizio abertzaleak. Gaineratu dute beraien ustez zarauztarrak eta bai inguruko herrietako jendea industriagunera autoz joango direla, "herriko denda eta tabernetara hurbildu gabe eta bertako merkatari eta ostalariei inongo onurarik ekarri gabe". 

Bukatzeko, Itziar Muruak gogorarazi nahi izan du 2022ko urrian onartutako Zarautz 2030 plan estrategikoaren ekintza planean hainbat helburu zehaztu zirela -hala nola industria erakartzeko eta garatzeko baliabideak jartzea, tokiko produktuen kontsumo arduratsua sustatzea, herri identitatea mantentzea eta herria bizirik mantentzeko laguntza ematea-, baina horiek esatea "alferrikakotzat" hartzen du, "gero beste norabide batean doazen erabakiak hartzen badira". EH Bilduk plan hori errealitate izateko pausoak emateko eskatu nahi izan dio EAJ-PSE-EE udal gobernuari.