Usoa Ostolaza eta Jon Artola dira urteko kirolari onenak

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 16a, 14:12
Usoa Ostolaza triatleta. (Aritz Mutiozabal)

Lizardiko Boleibol taldea eta 'Enbata'-ko trainerua izan dira aurtengo talderik onenak emakumezkoetan eta gizonezkoetan, hurrenez hurren. Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 16an izango da, Modelon.

Kirol elkarteek eta herritarrek eginiko proposamenak kontuan hartuta, udal ordezkariek aukeratu dituzte 2019an nabarmendu diren herriko kirolariak eta kirol taldeak. Hala, Usoa Ostolaza triatletak jasoko du Emakumezko Kirolari Onenaren saria, batik bat, urrian Eivissan (Herrialde Katalanak) jokatu zen half distantziako Espainiako txapeldunorde izategatik eta irailean Nizako Munduko Txapelketan bere adin tartean hirugarren sailkatzeagatik. Gizonezko Kirolari Onena, berriz, Jon Artola aukeratu dute, Europako Waveski egokituko txapelketa irabazi duelako urrian, Les Sabbles d’Olonne-n (Bretainia).

Halaber, Lizardiko Boleibol taldeak Emakumezko Talde Onenaren saria jasoko du. Izan ere, aurten Gipuzkoako txapelketan eta Irekiera Torneoan bigarren postua lortu dute, eta kirol honi Zarautzen bultzada handia ematen diote. Gizonezkoetan, Enbatako mutilentzat izango da aitortza. Zarauzko Arraun Elkarteko traineruko arraunlariak KAE1 ligako txapeldun izan ziren, 9 bandera eskuratuta, eta TKE mailara igoera lortu dute.

Entrenatzaile onenaren sariari dagokionez, Juan Miguel Zubiri eta Maialen Cardenas bikoak jasoko du, esku-pilota eta esku-pilota inklusiboa bultzatzen egiten duten lanagatik. Bestalde, Kirola Bizi saria plaieroak antolatzen hainbat urtez aritutakoentzat izango da, besteak beste, Joxean Urbieta eta Txema Lertxundirentzat.

Azkenik, Ulaciak Babesletzaren saria jasoko du, besteak beste, Zarauzko senior mutilen Saskibaloi taldea, senior mutilen plaieroetako taldea eta emakumeen futbol taldeari azken urte hauetan eskainitako babesagatik.
 
Urtarrilaren 16ean egingo dute dute sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan, 19:00etan. Ondoren, ohi bezala, luntxa eskainiko dute saritu guztientzat Merkatu plazako lehen solairuan.

Erlazionatuak

Urtemugaren atarikoa

Onintza Lete Arrieta 2018 api 26 Zarautz